Buffalo, Wyoming, AEB. Far West estiloko euskal komunitatea da Wyoming-eko Buffalokoa, bertan errotua eta arrantxu eta cowboy moduen jabe dena, eta aldi berean Euskal Herritik etorritako arbasoengandik jasotako euskal jatorri, izaera eta kultura harro aldarrikatu, eta bizitzen dituena, cowboy kapela zein euskaldunen boneta/txapela euren ondaretzat joz, eta ondorengo belaunaldiei pasatzea euren Big Horn Basque Club euskal etxearen helburu duena. Datorren larunbatean, Buffalo hiriburu duen Johnson Countyko euskaldunek eta oro har bertako biztanleek, Urteroko Euskal Besta ospatuko dute, aurten Kaycee-n, tradizionalki Euskal Herriko Andre Dena Mari egunari (abuztuaren 15a) loturik ospatu izan dutena, eta aita Antton Egiguren AEBko euskal omonier/kapilauaren euskarazko eta ingelesezko meza bere egitarauko parte izango duena [internetez zuzenean jarraitu ahal izango da, larunbatean, bertako 16:00etan, 15etan (Kaliforniako ordua) eta Euskal Herriko 24:00etan. Hemen mezako kantu eta testuen liburua].
Euskal tradizio handiko herria eta konderria dira Buffalo eta Johnson County. Larunbat honetan ospatuko dute euren Urteko Euskal Besta bertako euskaldun eta ez-euskaldunek
Aurtengo jaiaren lekua, Buffalotik, Johnson Countyn bertan dagoen Kayceera ekarri dute, 250 bat biztanle (arrantxuetan barreiatutako lagunak barne) dituen herriskara, 40 minutura errepidez Buffalo herrigunetik. Gogoratu hau guztia landa-eremua dela, basamortu baten modukoa, eta Johnson konderri osoan zortzi mila pasexe jende bizi direla, erdia baino apur bat gehiago Buffalon. Johnson Countyk 10.800 kilometro koadro dauzka, 180 bat aldiz Donostia. Dentsitatea ez da iristen 0,8 biztanlera kilometro koadroko. XIX. mende hasiera-hasieratik izan du euskal populaziorik, eta egun euren izatea eta partaidetza sakon sustraituta daude bertan, euskaldunek zein ez-euskaldunek bertako ondare bizitzat jotzen dutela, esan nahi baita Buffalo eta Johnson Countyko ezaugarritzat. Hain da honela, ikurrina dela konderriko bandera. Big Horn Basque Clubeko egoitza izateaz gain, 44 urtez —1956tik 2000ra— Buffalok euskarazko irratsaio bat izan zuen igandero herriko KBBS irratian, bertako euskal komunitateak babestu eta ekoitzia.
Big Horn Basque Club (Big Horn, inguruko mendiak dira) NABOko (euskal etxeen iparramerikako federazioa) kide den euskal etxea da, eta Zaharrer Segi da bere euskal dantza taldearen izena. "Betidanik" ospatu izan dira bertan euskal jai eta festak, kluba sortu baino askoz lehenagotik, Euskal Besta nagusia abuztuaren 15ean Andre Dena Mariz eginik, luzaroan Buffalo inguratzen duten mendietan. Gaur egun festa "behean, herrian" egin ohi da, eta tarteka NABOren euskal jai nazionala ere hona ekarri izan dute bertako euskaldunek. Azkenekoa 2017an izan zen NABOren 'Convention' edo Biltzar Nagusia bertan eginik, eta hurrengoa, seigarrena Buffalon, 2026rako dago iragarrita, Boiseko 2025eko Jaialdiren ondoren, beti ere NABO eta Big Horn Basque Club antolatzaile, eta Buffaloko herria bera ere laguntzaile eta partaide.
Musika eta erritmo euskal-amerikarrak
AEBko Mendebalde osoan bezala, ardiak eta artzaingoa zeharo lotuta daude Buffaloko euskal tradizioei, garai batean bertakoen erabateko lanbide izatetik denborarekin ardi arrantxuak eta artaldeak zinez desgertzen joan badira ere. Datorren asteburuan egingo den Euskal Bestan ere lekua izango dute ardiek, ardi-zakurrek eta artzainen bizileku ziren karrokanpoek, baita musak, euskal lukainkaren tradizioak eta txingek eta sokatrak ere, euskal dantza eta aireek izango duten bezala. Erromeria eta dantzatzeko musika, Jean Flesher buru duen 'Amerikanuak' taldeak eta bere erritmo euskal-amerikarren kontu izango da. Hitzordua, larunbat honetan, agorrilaren 17an, Kayceeko Jarrard Park-en.
EGITARAUA
14:00etatik aurrera
- Artzain-zakurren erakustaldia
- Ardiak gako tradizionalez harrapatu eta lotzea, publikoari zabalik, sariekin
- Joko eta jolasak haur eta helduentzat
- 16etan: Euskal Meza aita Antton Egiguren emaile, internetez segitu ahal izango da
- Arkume afaria Big Horn Basque Clubeko lagunek prestatua
- Bestelako jateko eta edatekoa, Kaycee-ko Invasion Bar-en eskutik
- Erromeria, Jean Flesher-en bandaren erritmo euskal-amerikarrekin