euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko San Miguelgo 'Askatasunaren Bidea'ren topa Diasporan euskal kulturazale daramatzan 15 urteengatik

2024/08/14

Joan den abuztuaren 10ean, arratsean,  Askatasunaren Bidea elkarteak ospatu zituen euskal kulturaren aldeko 15 urteak
Joan den abuztuaren 10ean, arratsean, Askatasunaren Bidea elkarteak ospatu zituen euskal kulturaren aldeko 15 urteak

PUBLIZITATEA

San Miguel, Argentina. San Miguelgo "Domingo F. Sarmiento Udal Liburutegi Herrikoia"k badu ezaugarri berezi bat. Bere liburuetako batzuek bereizgarri bat dute bizkarrean, inbentariatzeko erabili den zenbakiaz gain. Bigarren etiketa honek, obrak aipagai duen nazioaren banderaren koloreak biltzen ditu. Liburutegiak euskal gaiei buruzko eta euskarazko atal bat ere badu. Izan ere, duela 13 urtedatik, "Askatasunaren Bidea" Euskal Argentinar Elkartearen egoitza da. Abuztuaren 10ean, bertan, liburuz estalitako paretak testuinguru eta lekuko, eta berotasun eta alaitasun giroan, Buenos Aires probintziako euskal elkarte honek bere 15 urteak ospatzeko topa-egitea gauzatu zuen.

Askatasunaren Bidea Elkarteko kideek berek prestatutako pintxoz, ogitartekoz, opilez eta era guztietako gutiziez jositako mahaiaren aurrean, ikurrina eta Nafarroako bandera zeuden. Elkarretaratzean zehar, euskal komunitateak San Miguel eskualdeko historian izan duen parte-hartzearen inguruko pasadizoak eta kontakizunak entzun ahal izan ziren, baita esku artean dituzten eta laster garatuko dituzten proiektu eta jardueren aipuak ere. Elkartearen sortzaileetakoa den Mariana Fernández Castellik aitortu dio EuskalKultura.eus-i, jarduerak Domingo F. Sarmiento Liburutegian garatzeak aukera eman ziela hartu-emanak sustatzeko eta herriko beste elkarte batzuekin lankidetzan aritzeko, besteak beste San Migelgo Artxibategi eta Museo Historikoarekin, herriaren memoria berreskuratzeko lana helburu duen erakundea.

 
Ezker-eskuin: Mariana Fernández Castelli, María Jesús Andrés, César Mohr, Horacio Marotto Etxezahar eta euskara irakasle Martín Colombet

 
15. urteurreneko opil bikaina, Askatasunaren Bidea elkarteko kide eta sortzaile Cesar Mohrrek egina

Askatasunaren Bidea elkarteko erreferente Horacio Marottok hona hitzak zuzendu zizkien bertaratutakoei: "15 urte bete ditugu, txikiak gara, baina gauza ugari egiteko borondate handia dugu. Euskal kulturaren alde egiten dugu beti, euskararen alde, gure burua identifikatzeko funtsezkoa dela uste baitugu, eta hori egiten jarraitzeko eta egunez egun hazteko asmoa dugu”. Ezin bestela izan, azken agurren aurretik, abesteko unea heldu zen eta, besteak beste Eusko Gudariak eta Hegoak entzun ziren.  Herritik kanpo gerturatutakoen artean, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko lehendakari Teresa de Zavaleta eta Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko batzordekide Virginia Goicoechea izan ziren partaide.

Hitzordu berria: euskal literatura eta maitasuna

Askatasunaren Bidea elkartearen hurrengo topaketa abuztuaren 24an izango da, larunbatez, 18:00etan, María Inés Mogabururen eskutik, “Liburuak entzuten” ekitaldiaren saio berri batez gozatzeko aukerarekin. Eider Rodriguezek, Kirmen Uribek eta J. Sarrionandiak maitasunaren inguruan idatzitako ardatz komuna duten hiru ipuin kontatuko ditu. "Ikuskizun zoragarria izango da, adin guztietako ikusleentzat egokia, sarrera libre eta doakoa. Ez galtzeko modukoa!", iragartzen dute. Egoitza berean, Domingo F. Sarmiento Udal Liburutegi Herrikoian (Sarmiento 1503, eta Belgrano; tren-geltokitik 200 metrora).

Elkartearen jarduerei buruzko informazioa jaso edota harremanetan jarri nahi izanez gero, https://askatasunaren-bidea.blogspot.com webgunearen bidez egin daiteke,  edo askatasunarenbidea@gmail.com-era idatziz



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia