Buenos Aires, Argentina. Oso egitarau zabala prestatu du Buenos Aires hiriburuko Nafar Etxeak bere urtebetetzea ospatzeko; baina zalantzarik gabe proposamen ezohikoena Iparraldeko Patxi eta Konpania taldearen partaidetza izan da. Patxi Perezekin batera, Jimmy Arrabitek, Panpi Gerardek eta Txomin Etcheversek osatutzen duten laukoteak bi ekitalditan hartu zuen parte. Azaroaren 1ean, ostiralean, Dantza Piko eskaini zuten Nafar Etxean, Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeko zuzendari Aitor Alava lagun. Igandean, berriz, urteurren bazkaria animatu zuen taldeak.
Ospakizun programaren barruan beste aktibitate batzuk ere burutu dira Nafar Etxean: ‘Urteurren’eko Pilota Paleta lehiaketa, igandeko bazkaria eta Etxeko Dantza Taldearen emanaldia.
Hiriko beste kolektibitate batzuetako erreferenteek lagundu zituzten nafar argentinarrak beren ospakizunean, tartean Fedaspa-ko Benito Blancok eta Mariana Vicat-ek; Mellid eta Arzuako Zentroko Maria Eugenia Barbosak; Errioxako Etxeko Pedro Valenciagak; eta Centro Montañés elkarteko lagunek. Euskal erakundeak ere izan ziren jaian, Laurak Bateko Arantxa Anituak ordezkaturik.