Buenos Aires, Argentina. Jai berezi batekin ospatu zuen joan den igandean Buenos Aireseko Nafar Etxeak bere 126. urteurrena. Berezia izan zen, alde batetik, lehenengo ospakizuna izan zelako pandemia hasi zenetik. Bestetik, elkarteko bazkide, lagun eta dantzariak ez ezik, Bolivarreko Nafar Etxeko dantza taldea eta Buenos Aireseko Laurak Bat-eko dantza taldea eta Oihankide taldea ere bertaratu zirelako gonbidatu gisa, jaian parte hartzeko.
Ekitaldian zehar, zenbait postuetatik eskaini zen menua partekatzeaz gain, bertara bildu zirenek erakundeko txistularien emanaldiaz gozatu ahal izan zuten, euren irakasle Jose Gutierrez ere eurekin jotzaile.
Gogoratu joan den igandekoa urteurreneko ospakizun nagusia bazen ere, egitaraua azaroaren 4an hasi zela, ostegun horretan pilota paleta erakustaldia eskaini baitzuten elkarteko pilotariek egoitzako trinkete margotu berrian. Eta partida bukatuta, egoitzako terrazan afaria partekatu zela.
[Nafar Etxeko dantzariak (bideoa NE)]
Buenos Airesko Nafar Etxeko lehendakari Martin Urtasunen hitzetan, “Itxialdi luzearen ostean, pozik gaude urteurrena elkarrekin, bazkide eta lagunekin ospatu ahal izan dugulako. Osasun neurriak beteta –aireztapena, maskarak, alkohol jela–, ateak ireki ahal izan genizkien gurekin ospatzera etorri ziren elkarteetako lagunei”.
Urteurren jaiarekin bat egiteagatik, esker beroak luzatu nahi dizkio hiriburuko Nafar Etxeak Mercedes Barbara Buenos Airesko Gizataldeen Zuzendariari; FEVAko lehendakari Arantxa Anituari; FEDESPAko lehendakariorde eta ‘Mallorca de San Pedro’ Elkarteko presidente Juan Manuel Gomilari; Argentinako Elkarte Galegoen presidente Diego Martinez Durori; Bolivarreko Nafar Etxeko ordezkaria Danisa Miglierina; Laurak Bateko lehendakari Jose Gabriel Anitua eta Jose Gutierrez idazkariari; Errioxa Espainiar Elkarteko presidente Pedro Valenciagari; eta Oihankide Taldeko zuzendari Aitor Alavari.
“Esker hitzak baino ez ditugu etorri ziren lagunentzat; eurak gurekin ospatzera etortzea izan zen opari ederrena”, labirbildu dio Urtasunek EuskalKultura.eus-i.