Chacabuco hiriko I. Dantzari Topaketa elkarrekin antolatu ondoren, bisita itzuli zion Guillermo Larregui euskal etxeak Nafar Etxeari, erakunde honen urtebetetze egunean. Baina elkarretaratzea, bere dantza, zuzeneko musika eta proposamen gastronomiko ezin erakargarriagoekin, datorren urteko jaiaren aurrerapen txiki bat baino ez da izan. Izan ere, ospakizun berezi bat iragarri du Nafar Etxeak 2015eko 120. urteurrenari begira.
Buenos Aires, Argentina. Almagro auzoko Nafar Etxea galaz jantzi zen joan den azaroaren 2an erakundearen urtebetetzea ospatze aldera. Jaian etxeko kideek ez ezik, Guillermo Larregui euskal etxeko ordezkaritza batek ere hartu zuen parte, eta bi instituzioetako dantza taldeen artean emanaldi polit bat oparitu zioten publikoari.
Ikuskizun artistikoa etxeko trinketean egin zen eta bertan antolatzaileek urdaiazpiko, gazta eta ardoak osatutako aperitibo batekin errezibitu zituzten gonbidatuak. Ondoren, Maria del Mar Alderete Roque zuzendari, Lesaka, Tuterako Jota, ‘Graciosa y Morena’ dantza eta Euskal Jota dantzatu zituzten nafar dantzari helduek. Etxeko txikiek ere izan zuten euren dantzak erakusteko aukera eta Olague eta Zapatagin dantza taularatu zituzten. Eta emanaldiari amaiera emateko, Chacabucoko gazteek Agurra, Arku mistoak eta Neskatxena eskaini zituzten.
Dantzak bukatutakoan, kalejiran joan ziren lagunak lehenengo solairuan bazkaltzera. Behin denak bilduta, Nafar Etxeko lehendakari Esteban Kordich-ek, datorren urteko 120. urteurren jaia prestatzen hastera animatu zituen instituzioko lagunak. Bazkariaren baitan, opariak trukatu zituzten Kordich-ek eta Pablo Pavesa Guillermo Larregui euskal etxeko lehendakariak eta Pavesak bi erakundeen artean dagoen loturari buruz hitz batzuk adierazi zituen.
Festa arratsaldean zehar luzatu zen Andayna izeneko taldearen zuzeneko musikarekin. Folk iberiarra jotzen duen taldeak pasodoble eta jauzi batzuk ere interpretatu zituen Nafar Etxeko festan.