Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Nafarroako Etxea aurrez aurreko euskara eskolak ematen hasiko da, aste honetan bertan abiatuta, elkarte nafarrak FEVA rekin sinatutako lankidetza hitzarmen bat medio. Klaseak etxe nafarraren egoitzan eskainiko dira, asteburu honetatik aurrera, eta larunbatean egingo den inaugurazio ekitaldian Nafar Etxeko lehendakari Daniel Ramondegui eta FEVAko lehendakari Arantxa Anitua bertaratuko dira, beste agintari eta ordezkari batzuekin batera.
“Azken urteotan Nafarroakotik, bertako Euskarabidetik, emandako urrutiko ikastaroen esperientzia izan dugu, baina ez zen erraza izan, besteak beste ordutegien aldeak asko zailtzen baitzuen ikastaroaren garapena. Horregatik, aurrez aurreko ikastaroak antolatu nahi genituen. Zorionez, FEVAren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Nafarroako Gobernuaren borondate batuei esker, lortu dugu”, azaldu dio Daniel Ramondeguik EuskalKultura.eus-i.
Izen-emateko epea oraindik zabalik
Arantxa Anitua FEVAko presidenteak bere aldetik adierazi duenez, urrats hau, ekimen hau planteatu eta abiatu ahal izatea "oso garrantzitsua da. Pozik gaude euskara bezain garrantzitsua den ondare komuneko oinarrizko pieza honek ahalbideratu duelako Euskadiko erakundeen, Nafarroakoen eta Euskal Herriko diasporaren arteko harremanak artikulatzea".
Lehenengo ikastaro honek Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan Programaren irakasle den Arrecifeseko Sebastian Amaya izango du eskola-emaile. Euskara Munduan programak mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea du helburu. Ikastaro berriko aurreneko eskola larunbat honetean, abuztuaren 5ean, hasiko da, 14:00etan, saioak abendura arte luzatuko dituen ikastaroaren baitan.
nformazio gehiago nahi izanez gero, idatzi centronavarroba@yahoo.com.ar helbidera.