Buenos Aires, Argentina. Izendatze zeremonia apirilaren 27an egingo da, Euskal Etxeak deitutako Ezohiko Biltzar batean, Ohiko Biltzar Orokorraren ostean. Ezohiko bilkuran Laurak Bat-ek Ohorezko Kide izendatuko ditu Nafarroako gobernuburu Uxue Barkos Berruezo eta Euskadiko lehendakari Iñigo Urkullu Renteria. Izendatze hauekin bost izango dira erakundeko ohorezko kideak, dagoeneko hala ziren Jose Antonio Ardanza, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariei emendatuta.
Ohiko Biltzar Orokorrean, eta Euskal Etxeko estatutuak agintzen duenez, agintaritza berritu behar du euskal elkarteak, honako karguak hain zuzen ere: lehendakaria, lehendakariordea eta bost batzordekide. Aldaketa handirik ez da espero, eta beraz Arantxa Anituak segituko luke lehendakaritzan.
Apirilaren 27an bertan, Laurak Bateko kideek Gernikako Bonbardaketa izango dute gogoan etxe barnean hazten den Haritzaren ondoan egingo duten omenaldi batean; eta bilerak bukatuta, Aberri Eguna ospatuko dute taska eta dantzekin. Informazio gehiago, hemen.