euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Laurak Bat-ek Shanti Aboitiz-en proiektu gastronomiko-kultural berria hartuko du bere baitan

2018/03/29

Laurak Bat-eko jatetxearen gaur egungo itxura
Laurak Bat-eko jatetxearen gaur egungo itxura

PUBLIZITATEA

‘Amalur’ izeneko jatetxean euskal janari tradizionala eta baita gaur egungoa ere eskainiko ditu Aboitizek. Proiektuak sukaldearen mugak gaindituko ditu eta proposamen kulturalak eta hobekuntza gehiago ekarriko dizkio Euskal Etxeko jantokiari. Ekimena Buenos Airesko Lekeitio Jatetxeko arduraduna den Shanti Aboitiz-en esku egongo da; izan ere, alokairu kontratua sinatu berri du euskal jatorrizko chefak Laurak Bat-ekin. Moldaketa lanak hasiak dira eta inaugurazioa uztail aldera aurreikusten dute.

Buenos Aires, Argentina. Sinatu berri du Laurak Bat Euskal Etxeak alokairu kontratua Buenos Airesko Lekeitio jatetxeko arduraduna den Shanti Aboitiz sukaldariarekin. Kontratuaren arabera jatetxe berri bat irekiko du izen handiko sukaldariak Laurak Bat-ek jatetxea baitaratzeko propio daukan lokalean.

EuskalKultura.com-ekin hizketan, erakundeko lehendakari Arantxa Anituak adierazi du Euskal Etxeko batzordea erabat gustura dagoela hitzarmenarekin. Bere esanetan, “Shantiren proiektua egokia da oso Laurak Batek dauzkan helburuekin. Jatetxea euskal jatetxea izango da, ez menuan bakarrik baizik eta proposamen kulturaletan ere. Bi aldeok daukagu Euskal Herriaren kultura zabaltzeko xede bera”, baitetsi digu.

Menuari dagokionez, plater tradizionalak eta gaur egungoak batuko ditu: “Donostiako alde zaharrean eskaintzen direnak bezalakoak”, esan digu Aboitizek. ‘Amalur’ sukaldaritza proiektua baino gehiago izango da. Proposamen artistikoen gertaleku izango da eta lokalean dauden adierazpen kulturalak berreskuratu, babestu eta gailenduko ditu. Gogora dezagun Laurak Bat-eko jatetxearen barruan Gernikako Haritzaren kimu bat eta Benjamín Solari Parravicini pintore eta eskultore argentinarren hainbat arte lan daudela.

Lekeitio Jatetxeko arduraduna hasi da dagoeneko lanean, Laurak Bat-en instalazioetan ateak ahalik eta lasterren irekitzeko asmoz. Dena ondo badoa inaugurazioa urtearen erdi aldera izango litzateke. “Laurak-ekook poz-pozik gaude akordioarekin. Gure asmoa lokala alokatzea zen eta euskal kulturaren alde lan egiteko asmoa duen bati alokatzea, egia bihurtu den ametsa da. Sinergia honek emaitza onak baino ezin ditu eman”, adierazi digu Anituak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia