euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak bere lehenengo Ipuin Antologia argitaratu eta aurkeztu du

2015/11/02

Liburuaren azala
Liburuaren azala

PUBLIZITATEA

2012ko ‘Sorginkeria Euskal Herrian’ eta 2013ko ‘Euskaldun bati gertatutakoa’ nazioarteko bi literatura lehiaketetan parte hartutako 70 ipuin laburrek osatzen dute bilduma, Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Batzordeak gauzatu duen lehena. Aurkezte ekitaldira testuen egileak, lehiaketako epaimahaikideak, eta erakunde anfitrioiko agintariak bildu ziren. 

Buenos Aires, Argentina. Liburua urriaren 24an aurkeztu zen Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean (CVF)--Iparraldeko Euskal Etxearen Ipuin Laburren Nazioarteko Lehiaketaren Antologia. Sorginkeria Euskal Herrian (2012); Euskaldun bati gertatutakoa (2013) izenpean-- eta herrialde askotako idazle eta ipuinak biltzen ditu, tartean Argentina eta Euskal Herriaz gain, Uruguai, Espainia, Frantzia, Mexiko, Txile, Peru eta Argentinakoak. Kontaketek tokian tokiko jendearen tradizioak --zenbaitetan euskal ohiturak-- eta izaeraren ezaugarriak islatzen dituzte.

Aurkezte ekitaldian, Hector Sanjuas epaimahaikideak eta Luis Paz eta Patricia Quintero argitaratzaileek liburuaren aipamena egin zuten, euskal kulturaren aberastasuna goraipatuz. Horren ostean liburu bana eskuratu zieten Iparraldeko Euskal Etxera bertaratu zen idazle bakoitzari eta ondoren ipuin batzuen irakurketari ekin zitzaion. Luis Pazek Mario M. Corvalan Singh-en El vuelo del Angelito –‘Euskaldun bati gertatutakoa’ lehiaketako testu irabazlea– irakurri zuen; Juan Carlos Ibarrolak, berriz, Maria Josefa Setien Aramburu hondarribitarraren Gaxuxa –‘Sorginkeria Euskal Herrian’ lehiaketaren irabazlea– irakurri zuen; eta Marcela Viviana Espinosak, Sorgin; Maria Delia Belloqc-ek, Un nexo indestructible; Maria Rosa Torresek, Aquilino Navarro; Rita Gilek, El vaso plegable; eta Alberto Feldmanek, Palabras y botellas irakurri zituzten.

Bi lehiaketen testuak biltzen dituen antologia hau Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordearen lehenengoa argitalpena da eta antolatzaileek esker beroak luzatu nahi izan zizkieten parte hartzaile eta laguntzaile guztiei, bereziki Hector Sanjuas-i. Arrakastak bultzaturik, jarraitu egingo dute Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek euskal argentinar literatura zabaltzen eta datorren azaroaren 21ean 2015eko lehiaketaren sariak banatuko dituzte.

Gogora dezagun aurtengo deialdian ‘Euskal Emakumea’ izan dela gaia. 2016ekoaren oinarriak, berriz, laster jarriko dira taldearen Facebook horman. Batzordetik jakinarazten dute aurkeztutako liburua ez dagoela Interneten eta aleak eskuratzeko idazkaritzara bertaratu edo Norma Riosekin kontaktatu beharko dutela ibaiak@hotmail.com helbidean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia