euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak bat egin du Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiarekin

2010/05/14

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko kide eta lagunak (argazkia IEE-CVF)
Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko kide eta lagunak (argazkia IEE-CVF)

PUBLIZITATEA

Ipar Euskal Herriko ikastolen alde urtero Senperen (Lapurdi) bertako laku edo aintziraren inguruan antolatzen den Herri Urrats jaiak bere jarraitzaileak ditu Atlantiko Ozeanoaren alde honetan. Argentinan, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean hain zuzen, anitz lagun bildu ziren maiatzaren 8an euskarazko irakaskuntzaren aldeko festa hau ospatzeko. Azken urteotan egin den legez, euskal erakundeko Kultur Azpibatzordeko kideek antolaturik, pintxoz, musikaz eta dantzaz gozatu ahal izan du euskaltzale argentinar talde mardul batek.

Buenos Aires, Argentina. Ipar Euskal Herriko kultura Argentinan hedatzeko etengabeko lana egiten dute Norma Rios, Juan Carlos Ibarrola, Mariana Arla, Carlos Bordagaray, Xabi Inzaurgarat, Cristina Cordara eta Carlos Martinez Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko kideek. Eurak luzatzen dituzten proposamenek gero eta arrakasta handiagoa dute hiriburuko euskaltzaleen artean. Eta joan den maiatzaren 8an egin zuten ospakizuna ez zen salbuespena izan. Herri Urrats jaia zela eta, mota askotako ekintzak prestatu zituzten antolatzaileek euren gonbidatuentzat.

Herri Urrats Iparraldeko Euskal Etxean 2010 1

[Afaldu ondoren, gonbidatuek Herri Urrats-i buruzko bideo bat ikusi zuten (argazkia EE)]

Egoitzako trinketean, Ipar Euskal Herrian bertan egin ziren aurretako jaiei buruzko bideoa bota zen. Bideoan, Estelle Goñi, jaiaren arduraduna ikusi ahal zen. Azpibatzordeko kidea den Carlos Martinezi egokitu zitzaion aurten festaren esanahia, helburuak eta emaitzak zeintzuk diren azaltzea. Bideoa proiektatu eta gero, abesteko momentua heldu zen, baina ez era tradizionalean, karaokearekin baizik. Horrela, euskal abestien musika entzunez eta letrak irakurriz osatutako taldeek lehiaketa batean hartu zuten parte.

Herri Urrats Iparraldeko Euskal Etxean 2010 2

[Karaokeaz baliatuta, jendeak abestu egin zuen (argazkia EE)]

Norma Rios-ek izan zuen ondoren Iparraldeko dantzak irakasteko ardura. Gonbidatu guztiek, gazteek eta hain gazte ez zirenek, ongi jarraitu zituzten Normak markatzen zituen erritmo eta pausoak. Bukatzeko, zozketa egin zen lagun bakoitzak oroigarri bat eraman ahal izan zezan.

Herri Urrats Iparraldeko Euskal Etxean 2010 3

[Norma Riosen eskutik Iparraldeko dantzak dantzatu ziren (argazkia EE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia