Ekitaldiaren antolaketa bere gain hartu duen instituzioko pilotari talde berriari esker, lehen aldiz jokatu da Iparraldeko Euskal Etxeko pilota lekuan hiriburu argentinarreko “Euskal Etxeen Txapelketa”. Eta jokatu ez ezik, irabazi ere egin zuten anfitrioiek Nafar Etxeko eta Gure Echea euskal etxeko pilotariak ere bildu zituen norgehiagokan. Honekin batera, Biperraren Pestara biltzeko gonbitea luzatu du erakundeko Kultura Azpibatzordeak. Jaia datorren larunbatean izango da.
Buenos Aires, Argentina. Urriaren 4an jokatu zen lehen aldiz hiriburuko Moreno kaleko etxean “Euskal Etxeen Paleta Pilota Txapelketa”. Lehiaketan lau bikote neurtu ziren, German Schell-Andres Velasco eta Ferraris del Sel-Nahuel Sever, Iparraldeko Euskal Etxekoak; Sebastián Mihura-Francisco Recalde Nafar Etxearen izenean; eta Roberto Elias-Miguel Coluccio, Gure Echea euskal etxekoak.
Irabazleei dagokienez, German Schell eta Andres Velasco pilotariek osatutako bikotea geratu zen lehenengo postuan eta Nafar Etxekoa, bigarrenean. Sariak, kopa eta dominak, partiden ondoko topaketan banatu ziren, Iparraldeko Euskal Etxeko lehendakari Cornejo Saravia lagun.
Ekintzaren antolakuntzaz, Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordetik adierazi digute, euskal etxeko pilotariek hartu zutela euren gain, konpromiso handiz gainera: “Azpimarratzekoa da euskal etxeko pilotari gazteen taldea arduratu dela guztiaz, sariak erostetik kamiseten diseinuraino". "Batez ere gailendu nahi dut Ignacio Montielek egindako lana, bera baita belaunaldi berri honetako zutabe nagusia. Plazer handia izan da guretzat hau egin ahal izatea”, adierazi dio elkarteko idazkari Norma Rios-ek EuskalKultura.com-i.
'Biperraren Pesta' Buenos Aires-en
Urtero bezala, 2014 honetan ere ospatuko da Ezpeletako jai ezagunena Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxearen eskutik. Hitzordua urriaren 25ean da, gaueko 9:30etan, eta menua, sarrera, plater nagusia –arroza oilasko eta piperrekin–, postrea eta edariak. Gauean zehar, musika, dantzak eta klasikoak diren zozketak egingo dira. Txartelak 120 peso balio ditu eta urriaren 17ra arte erreserba daitezke.