Buenos Aires, Argentina. Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak ez ditu alferrik pasatzen utzi pandemia hilabeteak, eta hara non agertu zaigun bertako idazkari Norma Beatriz Rios bi liburu argitaratu berri besapean. Lehenengoak EEak antolatu ohi duen literatur lehiaketan saritutako lanak biltzen ditu. Bigarrenean, berriz, Norma Riosek berak erakundearen barne-historiaren errepasoa egiten du, bazkideei buruzko akta eta memorietan ikertuz eta 1895ean sortu zenetik IEE osatu zuten pertsona guztien datuak argitara emanez.
Lehenengo liburukiak erakundeak antolatutako literatur lehiaketan azken hiru edizioetan saritutako lanak biltzen ditu. Sei edizio izan ditu orain artean lehiaketak, eta hona bildu diren ipuin eta narrazioak 2016koari dagozkio, "Nire sentimenduak" lelopean, 2019koari, "Euskaldunen berri eman zidaten" izenpean, eta 2020koari, "Emozioak" deiturik.
CVF-IEEko ia 130 urteko bazkideen datu zehatzak
Bigarren liburukiak "Centro Vasco Francés Iparraldeko Euskal Etxea, bazkideen zerrenda 1895-1945" du izena eta Norma Beatriz Riosek hainbat urtez zentroko artxibo eta batzar-agirietan murgilduz egindako murgilketa lanaren emaitza da. Normak berak dio "sentimenduz eta emozioz" egindako lana dela, elkarte honetan pasa dituen hogeita hamar urte hauetan euskal etxea bere bigarren etxe bilakatu baita eta bere Euskal Herriarekiko, eta zehatzago Ipar Euskal Herriarekiko bere konexioa, bere lekua munduan.
Paper arteko inurri lana egin du liburua osatzen, urteetakoa, baina emaitza baliotsua izango zaie ikertzaileei edota euren arbasoak kokatu nahi dituzten Euskal Herriko edo Argentina bertako euskaldunei. Izan ere, lehenengo liburuko honetan erakundea 1895ean sortu zenetik 1945 arteko bazkideen zerrenda sartu du, bazkide bakoitzaren honako datuekin: izen-abizenak, jaioterria, lanbidea, bazkide zenbakia, bazkidetze-urtea eta heriotza-data. Finantziazioa lortzen badu, beste bi liburuki plazaratuko ditu, 2020ra arte. Mila esker, Norma!
Norma Beatriz Riosen emaila: ibaitxori@gmail.com.