euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Iparraldeko EEak 120 urte bete ditu, literatur lehiaketaren III edizioa deituz; gaia, euskal emakumeak

2015/04/07

1901. urtean, Iparraldeko Euskal Etxea-ren egoitzaren inaugurazio egunean, batzorde kide guztiek domina berdina zeramaten jakaren papar-hegalean. Argazki originala Baskonia Aldizkarian argitaratu zen.
1901. urtean, Iparraldeko Euskal Etxea-ren egoitzaren inaugurazio egunean, batzorde kide guztiek domina berdina zeramaten jakaren papar-hegalean. Argazki originala Baskonia Aldizkarian argitaratu zen.

PUBLIZITATEA

Lehiaketaren hirugarren edizioa da aurtengoa eta berezia, dudarik gabe, erakundearen 120. urteurren Kultur Programari hasiera ematen diolako. Urtean zehar, gainera, hitzaldiak, bilerak, topaketak, eta nola ez, Moreno kaleko etxean jadanik klasikoak diren Ipar Euskal Herriko festak ospatuko dira. Bere 120. urteurreneko ekitaldiari dagokionez, gaur arratsaldean ospatuko du elkarteak, Moreno kaleko bere egoitzan, bazkide eta lagunekin.

Buenos Aires, Argentina. 120 urte bete zituen joan den asteazkenean, apirilaren 1ean, Buenos Airesko Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxeak eta bere kideek esan digutenez, "bereziki harro daude jardunbide hain luzea duen erakunde baten parte" izatearekin. Erakundeko idazkari eta Kultur Azpibatzordeko kide den Norma Riosek adierazi digunez, “mende bat baino puska esanguratsua gehiago pasatu bada ere Iparraldeko Euskal Etxea fundatu zenetik, hala ere, esan dezakegu gaur egun instituzioaren barruan kulturaren alde lan egiten duen oso talde homogeneoa gaudela, 1992an abiatua". "Denon artean proposamen berriak saiatzen gara egunero sortzen, bazkide, lagun eta baita euskal gizataldekoak ez direnei ere eskaini ahal izateko”, "horretan dihardugu".

Talde horri esker, ekintzen programa zabala garatzen u urtero Iparraldeko Euskal Etxeak eta aurten, 120. urteurreneko urtean, ez da salbuespena izango.

III. Literatura Nazioarteko Lehiaketa

Urtemugaren programaren baitan, Literatura Lehiaketaren hirugarren edizioan parte hartzera gonbidatzen du Iparraldeko Euskal Etxeak. Lehiaketaren gaia, “Euskal Emakumeak” izango da eta hiru kategoriatan banatuko dira parte-hartzaileak: a) 17 urte artekoak; b) 18 urtetik gorakoak; c) bazkideak.

Hauek dira lehiaketaren oinarriak:

  • Lanak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira eta gaztelaniaz aurkeztuko dira
  • Idazlanek 70 lerroko luzera izan dezakete gehienez, lerroartea sinple eta Arial 12 letrarekin, A4 tamainan, Word Din formatuan
  • Testuak emailez bidali behar dira, lesucedioaunvasco@gmail.com helbidera eta ‘CONCURSO’ izenpean. Egileek bi artxibo bidali behar dituzte; lehenengoak idazlanaren izenburua izango du izena, eta barruan idazlana bera jarriko da; bigarrenean, DATOS izenpean, egilearen datuak: izen-abizenak, agiri edo pasaporte zenbakia, jaiotze data, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia
  • Egileek lanak argitaratzeko eskubideak Iparraldeko Euskal Etxearen esku utziko dituzte
  • Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31an bukatuko da
  • Irabazle hautatutako testuak irailaren 3an ezagutaraziko dira
  • Partaideek baldintza hauek onartuko dituzte
  • Sari-emanaldia azaroaren 21ean izango da, Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzan, Moreno kaleko 1370. zenbakian. Irabazleek diploma, garaikur eta dominak jaso dituzte, eta antologia batean parte hartzeko aukera

Epaimahaikideak literatura eta euskal kulturaren arloko erreferente diren Rosa Isabel Misciagna, itzultzailea; Cesar Arrondo, irakaslea; Gustavo W. Rodríguez, irakasle eta idazlea; Olga Leiciaga Elordi, irakasle eta Corpus Christiko euskal etxeko lehendakaria; eta Hector Jose Sanjuas, idazlea izango dira.

Gaurko urtebetetze ekitaldia eta 2015eko ekintzen egitaraua

Lehiaketarekin batera, urteko aktibitateen programa ere kaleratu du Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Batzordeak. Eta gonbite nagusia gaurko da, 120. urtebetetze elkarretaratze eta afarian parte hartzera. Etxeko kintxoan izango da, gaueko 9etan, eta sarrerak 120 pesotan daude.

Apirilaren 16an adineko jendeari zuzendutako bost elkarretaratzeko tailer bat hasiko da. Claudia Abiricha lizentziatu eta Juan S. Piterbarg medikuaren ardurapean, edadeko jendearen kezkei buruz mintzatuko da. Bilkurak hilabete bakoitzaren hirugarren ostegunean izango dira, iluntzeko 7etatik 8:30etara. Sarrera libre eta doan.

Apiril hasieran, bestalde, 3an, Iruñeko Overtrails enpresako zuzendari Karlos Agirrek ‘Conquistador del Fin del Mundo’ ETB2ko saioko hamabi partehartzailerekin Iparraldeko Euskal Etxea bisitatu zuen. Bertako kideekin bildu ziren bisitariak, tartean, elkarteko lehendakari Ernesto Cornejo Saraviarekin.

Urteko hitzaldi eta festak

Hitzaldien atalean, elkarteko zenbait lagun gonidatu ditu Iparraldeko Euskal Etxeak bere 120. urteurren programako solasaldietan parte har dezaten. Datozen hilabeteetan egingo diren hitzaldien artean, oraingoz hauek daude dagoeneko finkatuta:

-Apirilaren 30ean, “Aberri Eguna” izenburupeko hiztaldia, Cesar Arrondo hizlari. Hitzaldia bukatutakoan, ohorezko ardoa eskainiko da
-Ekainaren 4an, 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' hitzaldia emango du Laura Nobilek

Zerrenda, baina, luzeagoa da eta besteak beste barnean dauzka Mikel Ezkerro, Juan Carlos Ibarrola, Pablo Ubierna, Rosa Misciagna eta Norma Rios hizlarien mintzaldiak. Jaiei dagokienez, ohikoak ospatuko dira aurten ere, tartean Sorgin Jaia (ekainaren 27an); Baionako Pestak (abuztuaren 8an); edo Olentzero Eguna (abenduaren 12an).

Zorionak elkarteari eta bere kide eta lagunei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia