Buenos Aires, Argentina. Hiriburuaren bihotzean –Kongresu Nazionaletik kale gutxitara– dagoen Gure Echea (sic) Klubak gonbitea luzatu du aurten ere, udako bere ekimenetan parte hartzeko. Udalekua, abenduaren 16an hasi eta 2020ko otsailaren 14an bukatuko da eta 5 eta 12 urte arteko neska-mutilei dago zuzenduta. Haurrak hiru taldetan banatuko dira adinaren arabera, eta Klubeko toki ezberdinetan --tartean igerrleku klimatizatuan-- arituko dira mota askotan jardueretan. Bi irakasle arduradun, eta beste bi begirale talde bakoitzarentzat.
Abenduaren 16an izango da Udalekuaren lehenengo eguna eta honako ordutegi hauek daude aukeragai:
-Abenduaren 16tik abenduaren 31ra, eguerdiko ordu 1etik 5etara
-Urtarrilaren 2tik urtarrilaren 31ra, goizeko 9etatik eguerdiko ordu 1era eta eguerdiko ordu 1etik 5etara
-Otsailaren 1etik otsailaren 14ra, eguerdiko ordu 1etik 5etara
Prezioa zehazteke dago oraindik, baina Klubetik jakinarazi digute ordainketa esku dirutan zein txartelarekin egin ahal izango dela. Arratsaldean joango diren neska-mutilek askaria ere jasoko dute.
1929an sortua, Buenos Airesko Gure Echea Kluba hiriburuko Balvanera auzoan, Tte. Gral. J. D. Peron kaleko 2143. zenbakian dago. Urtean zehar pilota du Klubak aktibitate nagusietako bat, baina beste kirol mota batzuk –igeriketa, esate baterako– eta kultur ekintzak ere antolatzen ditu.
Gure Echea Facebooken, Club Vasco Argentino Gure Echea