euskal diaspora eta kultura
2014/04/02
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Nahiz eta proposamenetako batzuk martxoan hasi ziren, indar osoko martxari apirilean ekingo diote Lizarraenean elkarrekin funtzionatzen duten Eusketxe eta Ekin Argitaletxeko lagunek. Kultur eskaintza zabala da eta apirilean hasita urte osoan luzatuko da, segidako lerroetan zehazten den moduan:
Euskara klaseak: apirilaren 5ean hasiko dira. Oinarrizko mailako klaseak larunbatero izango dira, arratsaldeko 3etatik 5etara. Talde aurreratuek euren betiko ordutegietan jarraituko dute. Klaseen prezioari dagokionez, urteko matrikula 70 pesokoa da eta hileko kuota, 60koa. Informazio gehiago eskuratzeko, jo eusketxe@gmail.com helbide elektronikora.
Ahots Tailerra: maiatzatik aurrera, ostegunero izango da, arratsaldeko 6etatik 7:30etara, Javier Sotelo-ren ardurapean. Izena emateko, 200 peso ordaindu behar dira ordainketa bakar batean edo 120 pesoko bi kuotatan. Tailerraren gaiak hauexek izango dira:
-Laringea eta laringeko balbula bikoitza: esperimentazioa eta garapen teorikoa. Ahots funtzioa. Altuera, bolumen eta koordinazioaren erregistroak. Ahots kalitatea.
-Arnasketa: gorputzaren mugimendu eta jarrera. Arnas mugimenduaren pertzepzioa. Arnasketak ahots-eraginkortasunarekin, laringeko balbula bikoitzarekin eta ahots-traktuarekin duen harremana.
-Ahots-traktua: Sistema oihartzundun – artikuladorea. Esperimentazioa eta pertzepzioa. Aurreko klaseetan ikusitako gaiekin lotura.
-Ahots-eraginkortasuna musika lanetan: gorputz eta ahotsaren malgutasuna. Arnasketaren errendimendua, oihartzun hobea eta musika lanarekin kontaktu handiago.
Ohiko euskal musika tresnen tailerra: klaseak hilean behin egingo dira, goizeko 10:0etatik ordu 1era, Valeria Magliocchetti-ren ardurapean. Prezioa erakundeko kideentzat 70 pesokoa izango da.
Piano Klaseak: Larunbatetan izango dira, goizez. Prezioa irakaslearekin adostuko da.
Urteko tailerrak: maiatzean hasita, ostiralero eskainiko dira Lizarraenean tailer hauek. Klaseak dohainik izango dira kideentzat eta kideak ez direnek 40 peso ordaindu beharko dituzte. Behin behineko egitaraua hau da:
Hileko lehenengo
ostiralean, Literatura
Hileko bigarren ostiralean, Kultur Bideak
Hileko hirugarren ostiralean, Euskararen Historia
Hileko laugarren ostiralean, Literatura
Horretaz gain eta urtero bezala ‘Euskal Herria ezagutzen hasteko tailerra’ eskainiko du Mariana Fernandez Castelli irakasleak Lizarraenean. Tailer honen ordutegia eta xehetasunak laster jakinaraziko dira.
Dantza Tailerra: martxoaren 15ean hasi zen Mexiko kaleko 1880. zenbakiko euskal etxean Dantza Tailerraren hamargarren edizioa. Aitor Alava-ren eskutik, larunbatetan burutzen dira klaseak, arratsaldeko 7etan. Proposamena publiko orokorrari dago zuzenduta. Larunbatetan baina 5etan Ekin Dantzari Taldeak entseatzen du Lizarraenean. Taldean parte hartzeko deialdia irekita darrai.
Bukatzeko, Eusko Kultur Etxeko Arte Galerian erakusketak muntatu nahi dituztenei kontaktuan jartzeko gonbitea luzatzen diete erakundeko arduradunek, artista plastikoei bereziki. Interesatuek euren proposamena bidali behar dute eusketxe@gmail.com, helbidera. Helbide horretan ere aktibitate guztien informazio gehiago eska daiteke.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus