Buenos Aires, Argentina. Joan den mendearen erdialdean, euskaltzale talde batek — Argentinara frankismotik ihesean erbesteratuak, engaiatuak euskararen irakaskuntza eta zabalkuntzarekin— bere burua antolatzeko beharra ikusi zuen, “garrantzi handiko eta funtsezko ekintza bat —euskal hizkuntzaren zaintza— garatzeko gai izango den erakunde propio eta independente bat" sortuz. Hala islatu zuten Euskaltzaleak elkarte orduan sortu berriaren estatutuetan. Eesan eta egin. Ondoko belaunaldiek ere fier jaso eta pasa dute lekukoa 1944 hartatik gaurdaino. 80 urte bete dira eta, hura gogoan, joan den astelehenean, uztailaren 15ean, brindisa egin zuten egungo bazkide eta lagunek Buenos Aireseko euskaltegiaren egoitzan, eta bertan izan ziren baita ere euskal komunitateko erreferente eta agintariak. Topaketa 80. urteurrena ospatzeko egingo diren hainbat jardueren abiapuntu izan zen, hurrengoa, irailaren 21ean, elkartean bertan, udaberri eta ikaslearen egunean.
Euskaltzaleak-eko lehendakari Anabel Jaureguiberryk eman zion hasiera ekitaldiari, eskerrak emanez bertaratutakoei, eta Elsa Usandizaga erakundeko erreferenteari pasa zion hitza. Ohoratzeko agurra Renzo Bustosek dantzatu zuen, Euskaltzaleak-eko abesbatzak kantuz laguntzen zuela, juxtu Zirimiri Zeramikak egindako oroitzapenezko plaka inauguratu aurretik. Sukaldari taldea inoiz ez bezala luzitu zen, dastatzeko menu bikaina eskainiz. Giro pozgarrian, kopak altxatu, "Zorionak - Feliz cumpleaños" abestu eta Ceci Canz Aranoa gozogile den euskara irakasleak egindako urteurren opila partekatzeko unea heldu zen. Gaua —nola bestela?— dantza tradizionalak elkarrekin dantzatuz amaitu zen, Irati Lezamaren trikitixa lagun eta gidari.
Euskaltzaleak-eko abesbatzak , Ana Etchepare zuzendari, Renzo Bustosek dantzatutako agurra musikatu zuen
Ezkerretik eskuinera, Sara Pagola, Miren Arozarena, Arantxa Anitua eta Anabel Jaureguiberry
80 Urteurreneko tarta, euskara irakasle eta gozogile profesionala den Ceci Canz Aranoak egin zuen
Gral. Rodríguezko Eusko Aterpea, San Miguelgo Askatasunaren Bidea eta Arrecifesko Euskaldunak Denak Bateko lagunak
«80 urterekin, urtez urte metatzen joan garen esperientzia baliatzeko moduan gaude. Hizkuntzekin gertatzen den bezala, etengabe aldatzen ari gara, identitatea galdu gabe, baina garai eta erronka berrietara egokituz, tartean, esaterako, birtualtasuna eta presentzialitatea arrakastaz uztartuz, eta ateak zabalduz ideia berriei eta gazteen ekarpen eta proposamenei”, adierazi dio Anabel Jaureguiberryk EuskalKultura.eus-i.
Ekitaldian izan ziren baita ere Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola, FEVAko lehendakariorde Arantxa Anitua, Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegi, eta euskal etxe multzo bateko ordezkariak, hala nola San Miguelgo Askatasunaren Bidea, Trelewko Haraneko Euskal Etxea, Paranako Urrundik, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, General Rodriguezko Eusko Aterpea eta Buenos Airesko Laurak Bat, Eusketxe eta Iparralde Euskal Etxea.
Zorionak Euskaltzaleak!