Buenos Aires, Argentina. Arte Unibertsitate Nazionaleko (UNA) hogeita hamar bat ikasle, irakasle eta euskaltegi porteñoko kideak partaide zirela "Euskaltzaleak-eko liburutegiaren erreskatea" hitzaldi-tailerra egin zen irailaren 30ean Buenos Airesko elkarte euskaltzale honen egoitzan, UNAko Kontserbazio eta Zaharberritze Lizentziaturako irakasle María Susana “Tuni” Cagliolo eta Euskaltzaleak-eko bazkide Alfonsina Leranozen gidaritzapean.
Liburuak bergaitzeko prozesua soilik posible izan da zaharberritzaileen eta dohaintzen uztarpen eta ekarpen bolondresari esker, Argentina osoko eta EHko lagunak tartean
Duela sei hilabete Buenos Airesko euskaltegiko lokaleko sotoan jasandako uholdeak larrialdi egoera bati aurre egitera behartu zuen elkartea, bertan kokatzen zen liburutegiak jasandako kalteak handiak izan baitziren, bereziki paperezko ondare guztia ur azpian ordu askotan egon ondoren. Tuni Cagliolo eta Alfonsina Leranoz arduratu ziren zeharo bustitako material guztien erreskate prozedura koordinatzeaz.
Elkarteko kide eta adiskideek deiturik, borondatezko zaharberritzaile talde batek asteak eman zituen lanean eta, banan-banan, argitalpen guztiak kontrolatu ziren. Bolondresen lanarekin bat eginez, elkarteak Argentina osotik eta baita Euskal Herritik ere hainbat pertsonaren laguntza solidarioa jaso zuen, liburuak lehortzeko eta konpontzeko intsumoak erosteko dohaintzak egin baitzituzten. Eta asko aurreratu bada ere, lana geratzen da oraindik egiteke, kalteak larriak izan baitziren.
Auzolanaren indar aurreratzailea
Tailerrean, kronologikoki azaldu ziren, irudien bidez, erreskate-prozesua, haren etapak eta argitalpenak fisikoki berreskuratzeko emandako urratsak, berriro erabiltzeko moduan ipintzeko. Era berean, José A. Pérez Botta kimikari eta liburuzainak asmatutako eta kasu honetan aplikatu den ondare hondamendietarako salbamendu-sistemaren alderdi teknikoak azaldu zituzten. Jatorrizko liburutegitik kontserbatu ahal izan diren 2.000 aleetako batzuk zaharberritzeko azken faserako prestakuntza ere eskaini zen.
Eskerrik asko handi bat, diote Euskaltzaleak-eko lagunek, modu batera edo bestera lagundu duten guztiei.