Buenos Aires, Argentina. “Nolatan Triki-poteo bat izan daiteke euskararen alde?”, galdetu diegu Euskaltzaleak-eko batzordekideei. “Euskal Herriko musika eta hizkuntza kalera jendaurrera ateratzea gure berri ematea da eta hori ere euskararen alde jokatzea da”, arrazoitzen digute; “eta horixe da Triki-poteoaren helburua, giro oneko egun bat pasatzearekin batera. Triki-poteoetan euskaraz abesten dugu, Euskaltzaleak-eko tabernan euskaraz eska daiteke da eta Euskal Herriko gazte ugari ere etortzen direnez, euskara gehiago entzuten da eta euskaraz gehiago mintza daiteke, jende gehiagorekin”, dioskute.
Eta aurten, aurreratu daiteke Triki-poteoan inoiz baino euskara gehiago entzungo dela San Telmoko kaleetan, kalejirarekin abiatu aurretik Mintzodromo bat antolatuko baitute Euskaltzaleak-ekoek. Euskaltegiak Buenos Airesen antolatzen duen lehenengoa izango da eta, irakasleek azaldu dutenez, iaz La Platako Euskal Etxean egindakoari lekukoa jaso eta nolabaiteko jarraipena emateko asmoa du.
Etxeko bazkide den Carlos Bordagarayk adierazi digunez, “joan den abenduan La Platako Euzko Etxeko irakasleek Euskararen Eguna ospatzera gonbidatu gintuzten eta egin genuen Mintzodromoa oso esperientzia polita izan zen; agurtzean esan genien hurrengoa gure etxean izango zela eta hitza betetzen ari gara. Gonbitea, hala ere, Buenos Airesko euskaldun orori eta euskara ikasle guztiei dago zuzenduta eta baita Buenos Airesetik gertu dauden euskal etxeetakoei ere”.
Euskaltzaleak-en Mintzodromoa ekainaren 9an, larunbata, egingo da, arratsaldeko ordu 2etan hasita. Jendea taldeka banatu –ikasleen mailaren arabera– eta ondoren talde bakoitzak bere kasa arituko da, etxe anfitrioiko irakasle baten ardurapean. “Saio hau 5ak aldera bukatuko da eta ondoren askaria eskainiko diegu bisitariei. Indarrak berreskuratuta, Triki-poteoari ekingo diogu”, jakinarazi du Bordagarayk.
Triki-poteoa arratsaldeko 6etan hasi eta aurreko edizioetan bezala, lehenengo potea Euskaltzaleak-en bertan izango da. Jarraian, trikien, panderoen eta alboken erritmora, San Telmoko hainbat tabernatan geldituko da bilduko den koadrila. “Esan beharra dugu Triki-poteoaren baitan, abestu eta dantzatzeaz gain Giza Kate bat ere osatuko dugula. Horregatik egingo dugu ekainaren 9an; biharamunean Euskal Herrian Gure Esku Dagok deitutako Katea egingo baita eta Katean parte hartzeko gure era sinbolikoa hau izango baita”, azaldu du Euskaltzaleak-eko eledunak.
Triki-poteoa bukatuta, Euskaltzaleak-era bilduko da berriro ere jendea bokata eta pintxo batzuk partekatzera.
Euskaltzaleak Euskaltegia Buenos Aires hiriko Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian dago. Facebook: Euskaltzaleak Baires