euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek 2. Triki-Poteoarekin irekiko du 2014ko bere egitaraua, martxoaren 8an

2014/02/17

Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek antolatutako lehenengo Triki-Poteoko irudia (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek antolatutako lehenengo Triki-Poteoko irudia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Iazko arrakastak bultzaturik, Triki-Poteoa errepikatzea erabaki du Argentinako hiriburuko euskaltegiak eta datorren martxoaren 8an –Emakumearen Egunean– egingo du, arratsaldeko 7etatik aurrera. Proposamen honekin emango diote hasiera ENE Sariaren azken irabazleek 2014ko ekimen egitarauari. Euskara ikastaroak, berriz, martxoaren 10ean abiatuko dira eta apurka urteroko gainerako ekimenak, hala nola topaketak, hitzaldiak, ohiko jaiak eta Zine Zikloa ere. “Aurten instituzioaren 70. urteurrena beteko denez, ekitaldi guztiak ospakizun programaren barruan egingo dira. Ospakizun nagusia, ordea, uztailean egingo dugu”, jakinarazi digu Mariana Arla instituzioko lehendakariordeak.

Buenos Aires, Argentina. Urrun geratu dira jadanik Gabonak eta urte amaierako jaiak. Hura eta gero hasi zen udako parentesia eta, orain, akzen hau amaitzen ari dela pixkanaka doaz bueltatzen Hego Amerikako euskal erakundeak euren egunerokotasunera. Hauxe da, besteak beste, Euskaltzaleak-en kasua, joan den asteazkenean izan zutelarik etxeko batzordekideek lehenengo bilera, urteko planak adosteko.

Euskaltegi buenosairestarretik azaldu digutenez, ikasturte berriko lehenengo hitzordua martxoaren 8an –Emakumearen Nazioarteko Egunean– finkatu dute eta komunitate osoari luzatu diote parte hartzeko gonbitea. Izan ere, proposamena, Buenos Airesko 2. Triki-Poteoa egitea ìzango da, iaz bezala etxeko trikitilari eta panderojoleak lagun. Aktibitatea, arratsaldeko 7ak aldera hasiko da euskaltegiaren egoitzan, Bernardo de Irigoyen kaleko 826an. Hortik, San Telmora joango dira poteatzaileak ibilbideko tabernetan geldialdiak eginez. Ibilbidea bukatutakoan, Euskaltzaleak-en egoitzan elkartuko dira berriro ere, pintxo, talo eta edari batzuk elkarrekin partekatzeko.

Triki-Poteoa izango da aurtengo lehenengo ekitaldia, eta ekitaldi programa osoaren abiatzea markatuko du. Mariana Arlak adierazi digunez, “oso urte berezia da hau guretzat, 70 urte beteko baititugu. Hori dela eta, ekintza guztiak urteurreneko ospakizun programaren baitan burutuko ditugu, eta ez dira gutxi izango: martxoaren 15ean Buenos Airesko Udalak antolatzen duen Sukaldaritza Gunean izango gara. Maiatzaren 11an, ‘Buenos Airesek ospatzen du’ jaialdian. Beti bezala, klaseak eman eta euskal jai tradizionalak ere ospatuko ditugu, hala nola Aberri Eguna, Sanferminak, San Inazio… eta aldi berean, on line ikastarokoa, topaketak, hitzaldiak, tailerra eta nola ez, Zine Zikloa, gauzatzen jarraituko dugu”.

ENE Saria

Eta “oso berezia” izango den urte hau, era berezi batean hasi du 70. urteurrena beteko duen euskaltegiak. Izan ere, urtarrilaren 27an eta HABEko teknikari den Kinku Zinkunegiren eskutik, ENE sariaren adierazgarri den estatuatxoa jaso zuten Euskaltzaleak-ek bere egoitzan.

ENE saria Euskaltzaleak-en 2014 01

[Eusko Ikaskuntza-ren izenean, Kinku Zinkunegik eskuratu zion ENE Saria Euskaltzaleak-eko lehendakaria Carlos Bordagaray-ri (argazkia EuskalKultura.com)]

Estatuatxoa jasotzeko zeremonian, gai horretan aditua den Zinkunegiren bisita baliatuz, Euskararen egoerari buruzko hitzaldi bat eskaini zuenn HABEko 'Euskara Munduan'eko koordinatzaileak. Txostena aurkeztu ondoren, pintxo selekzio eder bat, etxekoek eginikoa, partekatu zuten gonbidatuek eta Euskaltzaleak-eko kideek.

ENE saria Euskaltzaleak-en 2014 02

[Poz handiz jaso zuten Euskaltzaleak-eko kideek ENE Saria (argazkia EuskalKultura.com)]

Gogora dezagun Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera urtero banatzen den ENE sariaren irabazlearen izena, abenduaren 3an adierazi ohi duela Eusko Ikaskuntzak eta 2013ko edizioan Euskaltzaleak-i eman zitzaiola. Abenduan jakinarazitako saria, urtarrilaren 27an entregatu zitzaion Buenos Airesen, eskuz-esku, euskararen alde egindako lan onagatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia