euskal diaspora eta kultura
2010/12/31
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Buenos Airestik 1.200 kilometrora dago Quitilipi herria. Herriaren inguruan “La tambora” parajea dago eta hor 664 zenbakidun herriko eskola. Paraje honetako jendea miseria gorrian bizi da. Umeek hartzen duten otordu bakarra eskolan hartzen dute, txikiak erdi biluzik dabiltza, edateko ura eskuratzeko ehunka metro ibili behar dituzte eta beste hiri eta inguruetan normalean kontrolatuta edo desagertuta dauden hainbat gaixotasun --kolera eta chagas delako gaitza, esaterako--, eguneroko bizitzako parte dira.
Buenos Airesko 'Manuel Belgrano' Eskola, aldiz, beste testuinguru batean dago kokatuta. Hiriburuan bertan dago, Palermo auzoan. Estatuaren eskola da eta ikasle gehienak ertain eta beheko klasekoak dira. Hori dela-eta, egungo kinka ekonomikoan, batzuetan babeslearen rola egitea lan gogorra gertatzen da erakundearentzat.
[Chacoko “La Tambora” Parajeko umeak]
“Proiektuarekin hasi ginenean, bi eskolak elkar lagundu ahal izango zutela ulertu genuen. Quitilipiko jendeak behar konkretuak zituen. Adibidez, futbolean jokatzeko, zapatilak zeuzkaten umeek erantzi egiten zituzten, honda ez zitezen”, kontatu diote proiektuaren arduradunek EuskalKultura.com-i. “Hori egitea pentsaezina da guretzat. Baina bide batez gure ikasleek ere badituzte beharrak, beste motatakoak agian, baina garrantzi handikoak ere bai. Oso garai zailak dira hauek nerabeentzat; solidaritatea eta balore besterenkoiak gutxi sustatzen dituen gizartean bizi gara eta hori aldatu daitekeela erakutsi eta irakatsi behar diegu. Honelako proiektu batean sartuta euren eskarmentua eta ikuspuntua aberats ditzateke gure gazteek”.
Helburu honekin 1993an hasiera eman zitzaion “Quitilipi” elkartasunaren proiektuari. Alabaina denbora igaro ahala, gauzak gero eta zailagoak bilakatu dira. “Hasieran bi urtean behin bidaiatzen ginen Quitilipira. Hamabost bat gazte eta hiruzpalau irakasle. Arropaz eta janariaz betetako kutxa mordo bat generamatzan eta gero han ardura handiko lanak egiten genituen. Irakasten genien ume, gazte eta helduei euren burua nola zaindu gaixotasunak uxatzeko, nahi ez zituzten haurdunaldiak ekiditeko, eta nola jokatu etxeko eta genero indarkeriaren aurrean. Tailerren bidez ematen genien informazio hau”.
Euskaltzaleak-en laguntza
“Baina gaur gure ikasleek ezin diote bidaiari aurre egin. Are gehiago, ekitaldiak antolatzen genituen dirua biltzeko, eta diru hori ez da nahikoa kutxak Quitilipira igortzeko. Horregatik, Euskaltzaleak-ek eskainitako laguntza ezinbestekoa izan da. Abenduan, urte osoan bildutako arropa, zapatilak eta janaria bidali ahal izan genituen Euskaltzaleak-ek hartu baitzuen bere gain bidalketa egiteko kostua”, kontatu digu Buenos Airesko eskolako irakaslea den Alberto Berazategik.
“Zintzilik geneukan kontu bat da hau guretzat”, adierazi dio bere aldetikEuskaltzaleak-eko lehendakariorde Carlos Saharreak EuskalKultura.com-i euskal erakundea proiektuan nola sartu den galdetutakoan. “Lehenengo helburua, hemengo ikasleak datorren urtean bidaiatu ahal izatea da. Baina gure engaiamendua ez da dirua ematera mugatzen. Laster hasiko gara hemengo gazteak trebatzen Quitilipiko umeei tailerrak eman ahal izateko eta dena ondo badoa agian gutako batzuk ere animatuko gara bidaiatzera”, aurreratu du Saharreak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus