euskal diaspora eta kultura
2012/04/02
PUBLIZITATEA
Norma Rios, Buenos Aires. Atzo igandea, apirilaren lehena, 117 urte bete dira Iparraldeko euskaldun talde bat, ohi zuen bezala Almagro auzoan Jean eta Pierra Hourcaderen larrugintza enpresaren lekuan bildurik, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea, edo sortzez Centro Vasco Frances izena hartu zuen euskal etxea, abiatzea deliberatu zuenetik. Euskal Etxe hura biltzeko leku bilakatuko zen, pilotan eta musean aritzeko leku eta ororen buru Euskal Herri txiki bat, atzean utzitako sortetxe, sorterri eta lur maitearen oroitzapena atxiki eta euskal usadio eta kultura biziarazi eta biziberrituko zuen lekua.
Lehenengo euskaldun haietarik gehientsuenak auzoak izanak ziren partitu aitzin, herri edo eskualde berekoak. Sortu zuten etxe berrian ixtorio frango pasatu zuten, garai onak eta ez hain onak, konparazio itsasoz bestaldean gerlak nagusi zirelarik.
Ez dira 117 urte gutxi; ibilbide luzea da, eta gaur, guk, amets hura egitate bilakatu zuten euskaldun haien ondorengo garen argentinarrok, haiek erein hazia, egun arbola dena, ureztatzen eta zaintzen segitu nahi dugu, ohoratuz haien izena eta izana, haiek irakatsi ziguten bidea atxikiz, pentsaturik uros eta pozik litaikeela ikusirik hainbeste urteren buruan segitzen dugula atxikiak izaten, gure erroak eta gure kultura aitzinaraziz haiek sortu elkarte berean.
Ehun urte aspaldi bete zituen elkartea da gurea eta bere sorrera eragin zuten ideia eta xedeek aurrera diraute, egungo bazkideok segitzen baitugu egunero lanean, gure arbasoek pasa ziguten Euskal Herria maitatzeko eta euskaldun segitzeko sentimendua gauzatzen eta hedatzen.
Lerro hondar hauek baliatu nahi ditut gogora ekartzeko gure euskal etxeko 'alma mater' izaten segitzen duen pertsona bat, Michel Iriart; 92 urte baditu ere gure ondoan segitzen baitu, lagun euskal etxean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus