Bitamine Faktoria galeria irundarrak Buenos Airesen hilabeteko egonaldia duen sorkuntza beka deitu du euskal artea nazioartekotze programaren barruan. Beka jasotzen duen artistak maiatzetik urrira bitartean burutu ahalko du proposatutako lana, eta azaroan Buenos Airesera joango da, han lana aurkeztu eta bertako sortzaileekin kultur-trukea egiteko.
Donostia-San Sebastian. Buenos Aireseko kultur mundua --eta bidenabar euskal komunitatea-- ezagutu nahi duten artistek aukera bikaina dute aurten Bitamine Faktoriak egin duen beka deialdiari esker. Esportaziorako arte proiektuei zuzendutako deialdia da, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten artistentzako.
Deialdi honi esker onuradunek egonaldi bat burutuko dute, arte ikerketako proiektuak garatzeko eta gauzatzeko helburuarekin. Lanaren prozesua 2015eko maiatzetik urrira arte izango da eta Buenos Aireseko egonaldia azaroan zehar burutuko da.
Programak helmuga dituen eremu artistiko-kulturalak ez dira mugatzen diziplina zehatz batzutara eta, besteak beste, horietan hauek sartzen dira: arte plastikoak, ikus-entzunezko arteak, performance-a, hiriko esku-hartzea, diseinua, soinuzko artea eta abar.
Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, 6 hilabetez landuko da proiektua Artitadetó Artista Elkartearen egoitzetan, eta ondoren Buenos Airesen aurkeztuko da lana bertako kultura garaikidearen erreferente diren hainbat tokitan, eta hango sortzaileekin jarduerak eta hartu-emanak ere egingo dira.
Informazio osoa Bitamine Faktoriaren webgunean.