Buenos Aires, Argentina. Ekainaren 21etik 25era Buenos Airesen egin den ICANN erakundearen (izenak eta zenbakiak eskuratzen dituen Internet Korporazioa) kongresuan parte hartzera etorri da PuntuEus egitasmoaren zuzendaria, Josu Waliño, argentinar hiriburura. Baina libre izan dituen uneetan, bertako Euskadiren Ordezkaritza eta Laurak Bat euskal etxea bisitatu ditu Waliñok, egitasmoa aurkeztu eta horrekin lotuta, hainbat galdera erantzute aldera. PuntuEus Fundazioko burua EuskalKultura.com-ekin ere bildu da eta Diasporako erakundeei begira honako puntu hauek argitu dizkigu.
Zer da ‘.eus’ domeinua?
-‘.eus’ domeinua Interneten euskal hizkuntza eta kulturaren komunitatea bereizten duen puntua da; euskal komunitatearen ‘matrikula’ da Interneten, nolabait esatearren. Ez dagogeografiari lotua, euskara eta euskal kulturari baizik, euskaldunoi. ‘.Eus' erabiltzeak esan nahi du webgune hori euskaraz dela, euskal kulturaz hitz egiten duela edo lotura bat duela euskaldunekin eta euskal kulturarekin. Oso egokia da, beraz, Diasporako euskaldunen kasuan, euskal etxe eta elkarteek, enpresek edo partikularrek erabiltzeko. Guztientzat da erabilgarria, beti ere euskara eta euskal kulturari buruz ari baldin bada.
Zein lirateke ‘.eus’ domeinura pasatzearen abantailak?
‘.Com’ domeinuak ez du baitaratzen duen webgune eta edukiaz ezer adierazten; bazeukan hasiera batean, baina gaur egun galduta dago. ‘.Eus'-ek, berriz,identifikatu egiten gaitu. Asmoa, azken finean, euskaldunok ikusgarri egitea da eta euskara, euskal kultura eta euskal komunitatearen inguruko guztia domeinua horretan bildu eta erakustea. Interneten euskarari toki bat egiteko modu garbia da, presentzia eta indarra emateko.
Zer egin behar du Diasporako elkarte batek ‘.eus’ domeinuko webgune bat sortu nahi badu?
Lehenengo urratsa da begiratzea elkarte horrek erabili nahi duen izena libre dagoen ala ez. Libre baldin badago, erregistradorea aukeratzea izango da bigarren urratsa; eta hirugarrena, erregistradorearen webgunera joan, eta berak bertan markatzen duen prozesua jarraitzea (Ikus urratsak hemen)
Eta ‘.com’ edota ‘.com.ar’ daukan elkarte batentzat, erraza da ‘.eus-era’ pasatzea?
-Oso erraza. Izan ere, nahi ez badu edukia pasatu beharrik ere ez dauka. Elkarrekin bizi daitezke ‘.com’, ‘.ar’ eta ‘.eus’. Zuk ‘.eus'-era pasatu nahi baduzu, ‘.eus’ domeinuarekin erregistratzea baino ez duzu behar (adibidez, ‘euskaletxea.eus’) eta gero webgunea bideratu, ez du zertan ‘.com’ hori kendu beharrik. Azkenean, webgunea toki batean dago eta norabide berera zuzentzen duten bi kale izango ditugu. Eta hori egitea oso erraza da. Baina zalantzarik izanez gero, gure webgunean badaukagu eskuliburutxoa eta bertan azaltzen dugu egin beharrekoa.
Zein da gaur egun ‘.eus-en’ egoera Euskal Herritik kanpo?
-Momentu honetan, erregistroen %90 Euskal Herrian dago eta %10 Euskal Herritik kanpo. 'Eus' euskaldun guztiona da eta animatu nahi dugu jendea erabiltzera, horrexegatik, gurea, guztiona delako, Euskaraz badago, argi eta garbi, baina berez ez da nahiezkoa webgunea euskaraz egotea. Eskatzen den gauza bakarra da euskal kultura edota euskal komunitateari buruzkoa izatea. Domeinu inklusiboa gara. Hau da, guk baldintzak jartzen ibiltzea baino, erabiltzaileak behar du ikusi bere burua islatuta ‘.eus-en’. Norberak ‘.eus’-en egoteko arrazoiak ikusten baditu, eska dezala, egin dezala, oso zaila baita guk arrazoi horiek haintzakotzat ez hartzea.
Zer gehiago esan zenioke zalantzak dituen bati ‘.eus’ erabiltzen hastera animatzeko?
Interneten ere euskaldunok gure tokia bilatu behar dugula. '.eus'ek identifikatzen gaitu eta ‘.com-ek’ edo '.net'ek ez. Diasporan bizi den euskaldun batek euskal etxe baten bidez bere nortasuna eta jatorria adierazten dituen moduan, hori bera egin dezake Interneten ‘.eus'-en’ laguntzaz; ‘.eus’ euskaltzale guztiona da eta Diasporako elkarte, erakunde, euskal etxe eta norbanakoak euskal komunitatearen parte garrantzitsua dira.