euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Nafar Etxeko ehun bat lagun eta bazkidek erakundearen 113. urtemuga ospatu dute

2008/11/25

Buenos Aireseko Nafar Etxearen 113. urtebetetze ekitaldietan aritu ziren etxeko dantzari haur eta gazteak (arg. EuskalKultura.com)
Buenos Aireseko Nafar Etxearen 113. urtebetetze ekitaldietan aritu ziren etxeko dantzari haur eta gazteak (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtebetetzea, berez, azaroaren 3an zen, baina Buenos Aireseko Nafar Etxeak bere 113. urteurrenaren jaia joan den 9an, igandez, ospatzea erabaki zuen. Etxeko kide eta lagunak hartu zuten parte goizetik hasi zen ospakizunean. Egunari ekiteko, Santa Amelia Parrokian meza, hildako bazkideen alde; ondoren, Nafar Etxearen egoitzara aldaturik, emanaldia eskaini zuten dantzari txiki eta helduek; eguerdiko ordu batean, bakarri ederra, eta zozketak, 'Nafar Etxearen Urtemuga Kopa' Mus Txapelketako sarien banaketarekin batera.

Buenos Aires, Argentina. 113. urtebetetze eguna berez azaroaren 3ari bazegokion ere --1895eko egun horretan sortu baitzen Buenos Aireseko Nafar Etxea-- ospakizuna azaroaren 9ra atzerratzea erabaki zuen Zuzendaritza Batzordeak. Ekitaldiak, beraz, azaroaren 9ra, igandez egin ziren, Santa Amelia Parrokian meza batekin hasirik hain zuzen

Bertan, etxeko dantzari gazteek Elkartearen oihal gorria eraman zuten eta berau atxikita goardian egon ziren plantaturik zeremonian zehar.  Mezaren ondotik, bertaratutakoak Nafar Etxearen egoitzara, Moreno kalera, abiatu ziren, eguneko gainerako ekitaldiak bertan burutzeko.

113 Aniversario del Centro Navarro 02

[Buenos Aireseko Nafar Etxearen 113. urtemuga ekitaldietan parte hartu zuten banderadunak, Espainiako, Argentinako eta Nafarroako banderekin]

113 Aniversario del Centro Navarro 03

[Ospakizunetan parte hartu zuen bertako dantza taldeko kide helduak euren emanaldia eskaintzen pilota kantxan]

Etxeko trinketean, ehun bat lagunen aurrean, Crisanto Ayanz elkarteko lehendakariak ongi etorria eman zien gonbidatuei eta hitzaldi labur batean gainbegirada laburra egin zion Argentinako hiriburuko nafar erakundearen historiari. Hitzaldiaren ondotik, etxeko dantza taldeek, haurrenak eta helduenak, dantza ikuskizuna aurkeztu zuten.

Eguerdiondoko ordu batean, etxeko lehenengo pisuko aretoan dena prest zegoen anaitasun bazkari ederrari ekiteko. Bazkaldu bitartean, zozketak gauzatu ziren eta 'Nafar Etxearen Urtemuga Kopa' Mus Txapelketako sari banaketak egin zituzten.

113 Aniversario del Centro Navarro 04

[Ekitaldietan dantzari aritu ziren etxeko dantza taldeko kideek ongi irabazia zuten bazkarian parte hartzea. Bazkalostean eginiko argazkia da hau]

Bestela ere, eta urtearen amaierari begira, etxeko gazteek berbena bat antolatzen dihardute. Ekitaldia azaroaren 29an izango da, Buenos Aires probintziako Olivoseko “Centro Asturiano”n. Jai horretarako, janari eta dantza tipikoak prestatuko dituzte.

Lotura interesgarriak

Buenos Aireseko Nafar Etxearen webgunea
www.centronavarro.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia