euskal diaspora eta kultura
2013/10/31
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Azaroaren atarian gaude eta urtero sasoin honetan bezala bere urtebetetzea ospatzera gonbidatu du Argentinako hiriburuko Nafar Etxeak. Ospakizuna datorren igandean izango da, urtebetetze egunean bertan, eguerdi aldean zintzur-bustitze batekin hasita, egoitza barneko Nafarroako Erresuma trinketean.
Jarraian, eta etxeko dantzarien eskutik, dantza erakustaldia oparituko zaie bildutakoei: gazteen taldeak Zezenen Jota, Arin Arin, San Juan Arkua, Nafarroako Gorteetako 'Trenzado dobla’, Jaurrieta/Eaurtako Dantza (Axuri Beltza eta Kontrapas), eta Porrusalda bat dantzatuko ditu; txikiek, berriz, Lantzeko Zortziko, Zangoza Jota, Arin Arin, Zapatain Dantza eta Zazpi Jauzi taularatuko dituzte. Baina etxekoena ez da igandean ikusi ahal izango den ikuskizun bakarra. Antolatzaileek gonbidaturik, Aragoiko Zirkuluko Errondailak ere jarriko dizkio musika eta dantzak urteurren festari.
[Urteurrena dela eta, 118 urte hauetako historia islatzen duten irudiak ari dira biltzen etxeko gazteak. 1985eko argazki honetan, txikien taldea ikus daiteke Erronkariko jantziez (argazkiaNE)]
Emanaldiaren ondotik, hitzordua lehenengo pisuko aretora pasatuko da, bertaratutakoek lagun arteko oturuntza ederraz gozatzeko. Jaiaren baitan dominak emango zaizkie erakundeko biziarteko bazkideei eta erreginen aldaketa burutuko da.
Zine-eztabaida zikloa
Bestalde, aldegitear dugun urri honetan bere lehenengo Zine-eztabaida zikloa abiarazi du nafar etxe buenosairestarrak. Diego Corsini zuzendariaren ardurapean, proposamenaren lehenengo saioan honako izenburuak eskaini ziren: España entre el cielo y la tierra – Valles misteriosos (Espainia zeruaren eta lurraren artean – Aran Misteriotsuak) dokumentala eta Alex de la Iglesia bilbotarraren ren La comunidad (Komunitatea).
[Diego Corsini moderatzaile, urriaren 6an egin zen zine-eztabaidaren lehenengo saioa (argazkiaNE)]
Bigarren elkarretaratzeari dagokionez, azaroaren 16an izango da --"aldaketaren bat izanez gero garaiz jakinaraziko dugu", esan diote EuskalKultura.com-i antolatzaileek-- eta emanaldi horretarako hautatutako filma, Solos en la ciudad (Bakarrik hirian) da. Nafar etxeko kideen esanetan, “zikloaren asmoa proposamen kulturala eta ezberdina eskaintzea da".
"Diego Corsini zuzendari, ekoizle eta zine eta telebista gidoilari gazte eta argia da. Modu oso atseginez aurkeztu zuen lehenengo pelikula eta jendea poz-pozik geratu zen esperientziarekin”, adierazi dute.
Gogora dezagun Solos en la ciudad pelikula argentinarra 2011 urtekoa dela, eta aktore nagusiak Sabrina Garciarena eta Felipe Colombo direla. Zikloan parte hartzeko sarrerak 10 peso balio ditu etxeko kideentzat eta $20, kide ez direnentzat.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus