euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datozen eskaintzak Buenos Airesko Lizarraenean: etzi, Jon Ander Ramos; eta 'Lili Eder Bat' kontzertu sorta

2013/06/13

‘Lili Eder Bat’ zikloko lehenengo kontzertuaren irudiak (argazkiakEE)
‘Lili Eder Bat’ zikloko lehenengo kontzertuaren irudiak (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Ekin Argitaletxeak eta Eusketxek gonbidaturik, bi zati dituen aurkezpena eskainiko du larunbat honetan Jon Ander Ramos Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak Buenos Aires hiriburuko Lizarraenea-n. Lehenengoan, Kubako euskal asoziazionismoaz mintzatuko da; bigarrenean, ostera, Victor Mendizabal-i buruz idatzi duen liburua aurkeztuko du. Datozen aste eta hilabeteei begira, uztailaren 6an, larunbatez, Eusketxek antolatutako ‘Lili Eder Bat’ Kontzertu Zikloaren bigarren emanaldia burutuko da Mexiko kaleko euskal etxean.

Buenos Aires, Argentina. Urte hasieran kaleratutako egitaraua osatze aldera, beste gonbite batzuk luzatzen dizkiete euren kide eta lagunek Lizarrenean elkarrekin bizi diren instituzioek. Ekintzak mota askotakoak dira eta Euskal Herriko artea, ohiturak, kultura eta izen handiko pertsonaiak ezagutaraztea dute helburu.

Beste zenbait euskal etxe bisitatu ondoren --tartean Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea, Olavarriako Gure Etxe Maitea eta La Platako Euzko Etxea--, larunbatean hitzaldia emango du  Lizarraenean EHUko irakasle Jon Ander Ramos Martinez-ek. Ekitaldia bi partetan antolatuko du: batetik, Kubako euskal asoziazionismoaren gaia garatuko du adituak “Herritarrak eta ongintza. 135 urte Kubako euskal asoziazionismoa (1877-2012)” hitzaldian. Ondoren, Victor Mendizabal-i buruzko “Txindoki-tik Rio de la Plata-ra. Gipuzkoako immigrante baten bizitza eta lana” liburua aurkeztuko du idazle euskaldunak.

Hitzordua larunbatean da, esan nahi baita ekainaren 15ean, iluntzeko 7:30etan eta lekua, Lizarraenea, Mexiko kaleko 1880. zenbakian.

‘Lili Eder Bat’ Kontzertu zikloa

Datozen aste eta hilabeteei begira, uztailaren 6an, ‘Lili Eder Bat’ Kontzertu Zikloaren bigarren emanaldia iragarri du Eusketxek. Gogora dezagun ekitaldiak Aita Donostia-ren Ahotserako Lanak omentzeko helburua duela eta lehenengo emanaldian, Pazko Errepertorioa eta Sallaberry-ren Kantutegia interpretatu zirela. Orain, aurretik geratzen diren errezitaletan honako programa eskainiko da:

-Uztailaren 6an, 20:00etan: lehenengo eta bigarren zatian, Argentinako abestiak eta Sallaberryren Kantutegia
-Irailaren 7an, 20:00etan: lehenengo zatian, Ama Birjinaren omenezko kantak; bigarrenean, Sallaberryren Kantutegia
-Abenduaren 7an, 20:00etan: lehenengo zatian, Sallaberryren Kantutegia; bigarrenean, Eguberrietako Abestiak

Honako musikariak izango dira kontzertuetako partaide: Rosana Rise, Fernanda Carrera, Maricel Villamonte, Agustina Shedden, Graciela Rise, Jose Luis Sarre, Carlos Ranielli, Mariano Flores Gonzalez, Ivan Espeche eta Javier Sotelo.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia