euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Laurak Bat Etxeak bere 130. urteurrena ospatu eta lau ikasgela berri zabaldu zituen atzo

2007/03/14

Pablo Favrat dantzariak eskaini zuen ohorezko aurreskua atzo Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean (arg. BasqueHeritage.com)
Pablo Favrat dantzariak eskaini zuen ohorezko aurreskua atzo Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean (arg. BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeak 130 bete zituen atzo eta urteurrena ospatzeko egitarau berezi bati ekin zion, erakundeko hainbat bazkide eta lagun partaide. Ekitaldiak arratsaldeko zazpi t'erdietan hasi ziren Montserrateko Amaren elizan eginiko mezarekin eta haren aurrean dagoen Euskal Etxera pasatu ziren ondotik. Bertan, lau euskara ikasgela inauguratu, bildutakoei euskal egoitzako beste obra abantxu amaituen emaitzak erakutsi eta, azkenik, egunari lagunarteko afari batekin ezarri zioten bukaera karia hortarat batu ziren larogei bat lagunek.
Munduko euskal etxeen artean zaharrena omen atzokoan 130 urte bete zituen argentinar hiriburuko Laurak Bat. Urteurrenaren karietarat, ospakizun egitarau bat prestatu zuten erakundeko Zuzendaritza Batzordekoek eta honela, arratsaldeko zazpi t'erdietan hasi zen euskal etxe aurrean dagoen Montserrateko Amaren parrokian urteurren meza, Laurak Bateko ordezkaritza bat bertan zela, lehendakari Jon Kepa Erquiaga buru.

Haren ondotik, Belgrano hiribidea gurutzatu eta euskal etxearen beheko solairuan dagoen plakaren aitzinean ohorezko aurreskua dantzatu zuen Pablo Favrat dantzariak, Maria Arozarena eta Maggi Satóstegui alboan zituela, hiruak Laurak Baten aterpean ari den 'Euskal Ekintza' eta 'Emakume Abertzale Batza' dantza taldeko kideak. Haien doinu-emaile, Jose Gutierrez talde bereko musikaria.

Lau ikasgela eta beste zenbait lanen inaugurazioa

Egitarauari segituz, bere lehendakaritzapeko etxean azken hilabeteotan garatu diren obren emaitzak aurkeztu zituen Jon Kepa Erquiagak berak, Zuzendaritza Batzordeko beste zenbait kidek lagundurik. Aurkeztutakoen artean, euskara eskolak emateko lau ikasgela berri, sotoan; urteetan askoren eskaera izan diren emakumeentzako aldagelak, pilotalekuan aritu eta gero aldatzeko toki propio egokia ezarriz; eta azken solairuko 'quincho' edo haragia erretzeko eremu berezian eginiko hobekuntzak.

Hori egin ostean, gaueko bederatzi t'erdiak aldera, lagunarteko urteurren afariari ekin zitzaion, laurogei bat jenderen partaidetzaz. Laurak Batera bertaratutakoen artean ikusi ahal izan ziren Nestor Mendia, Javier Olaizola, Jon Uriarte eta Armando Velasco presidente ohiak. Baita Eduardo Lizaso, Miren Arozarena eta Mikel Ezkerro batzordekideak ere. Pixkanaka bilduz joan ziren Eduardo de Zaballa, Mikel Menaya, Maria Elena Etcheverry de Irujo, Elena Pinasco, Elena Entrena, Miren Amaia Blanco eta Marisol Paredes.

Ez zuten huts egin Eusko Jaurlaritzak Argentinan daukan Ordezkaritzako buru den Marieli Díaz de Mendibil ordezkariak eta bere bulegoko kide diren Paula Barquin eta Mariana Satósteguik. Han ikus zitekeen baita ere, lanean guztia prest egon zedin, Paula Lertxundi eta harekin batera Blanca Irusta, hura bezala euskara irakaslea euskal etxean bertan. Maite Anitua, María Ángeles Larregui, Lolis Barquin, Angelita Bikandi, Olga Durán de Azarloza, Cristina Lecubarri eta Jose Landak ere ez zuten elkarretaratzea galdu nahi izan, ezta Maite Velascok, Matilde Gago Lenizek, Daniel San Martin-ek, Arantxa Anituak eta Mikel Huguet-ek ere, beste hainbat jenderen artean.


Lotura interesgarriak

Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxea
www.laurakbat.com.ar

Laurak Bat eta euskara eskolak
BasqueHeritage.com-en argitara emana 2007ko martxoaren 7an



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia