euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Nafar Etxea euskaldunen ordezkari hiriburuko “Sukaldaritza-Gunean”

2012/03/08

Buenos Aires-ek Euskal Herriak ospagai jaialdia (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aires-ek Euskal Herriak ospagai jaialdia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hiriburu argentinarreko Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko Azpi-Idazkaritzak antolaturik, eta “Buenos Airesek ospatzen du” jaialdiaren 2012ko edizioa inauguratzeko, “Gizataldeen Sukaldaritza-Gunea” burutuko da datorren larunbatean hiriko Mayo Etorbidean. Dastaldian parte hartuko duten 50 kolektibitateen artean, Euskal Herrikoa aurkitu ahal izango da Argentinako bi erakundek ordezkaturik: Euskaltzaleak eta Nafar Etxea. Bi stand-ak, plater tipikoen txokoak izateaz gain, Euskal Herrira begirako leiho bihurtuko dira Pirinioetako paisaia, irudi, arte eta historiara hurbildu nahi dutenentzat. Hitzordua martxoaren 10ean izango da, arratsaldeko 4etatik gaueko 11ak arte.

Buenos Aires, Argentina. 2009tik gauzatzen da Argentinako hiriburuan “Buenos Aires celebra” edo “Buenos Airesek ospatzen du” jaialdia. Festaren helburua herrialde honetara etorri ziren hainbat etorkin eta euren ondorengoak gogoan izatea da eta kari horretara kolektibitateetako ordezkariak dira erakustaldien protagonista eta egile. Gogora dezagun, joan den urteko abuztuaren 28an milaka lagun bildu zirela Mayo Etorbidean “Buenos Airesek Euskal Herria ospagai” festa barru barrutik bizitzeko.

Oraingoan, eta jaialdiaren baitan, proposamen berri bat luzatu die Buenos Aireseko Udalak kolektibitateei. “Gizataldeen Sukaldaritza-Gunean” herri guztiek bat egingo dute hiriburuko biztanleei plater tipikoak eskaintze aldera. Gizatalde bakoitzak bere standaren atzetik defendituko ditu bere produktu, mokadu eta sukaldeko berezitasunak, hauek dastatzera emanez eta gonbidatuekin partekatuz.

Bereziki jan-edate kontuei buruz ari garenean, euskal molde eta ohiturek ezin zuten honelaki ekimen batetik urrun ibili eta bi erakunde-ren eskutik aurkitu ahal izango dira Mayo Etorbidean. Nafar Etxea-ko sukaldariek pintxo hotz eta beroak prestatuko dituzte larunbaterako. Horretaz gain, ganbak baratxuriekin, tortilak, atun pastela eta tripa-zorriak dantzan jartzen dituzten beste zenbait plater eskainiko dituzte. Standa nafar irudi, koadro eta argazkiekin egongo da apainduta.

Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteari dagokionez, euskaltegiak izango du baita proposamen gastronomikoa interesgarria. Bere standean, mota askotako pintxoak ipiniko ditu erosgai, tartean, barazki, piper, urdaiazpiko eta arrain pintxoak. Horrekin batera, informazioa eta oroigarriak eskainiko ditu euskarari buruz, euskal abizenez eta oro har Euskal Herriaz.

Janari erakusketa datorren larunbatean izango da [eguraldiak laguntzen ez badu, igandean egingo da] arratsaldeko 4etatik 11ak arte, Mayo Etorbidean (Bolivar izkina) honako egitarauari jarraituz:

- 16:00: “Sukaldaritza-Gunea”ren inaugurazioa
- 19:40-20:30: Auto zaharren desfilea
- 20:45: Kolektibitateen Buenos Aireseko Erreginaren hautaketa
- 21:00: Erregin gonbidatuen eta hautagaien aurkezpena
- 21:30: Zirku ikuskizuna
- 21:45: Hautagaien bigarren aurkezpena
- 21:15: Tango ikuskizuna eta epaiketaren erabakia
- 22:30: Koroatzea
-22:50: Su artifizialak



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia