euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Inauguratu dute Buenos Airesen bertako Euskaltzaleak elkartearen euskaltegi eta egoitza berria

2012/05/09

Joan den maiatzaren 5ean inauguratu zuten Euskaltzaleak-eko lagunen Berndardo de Irigoyen kaleko euren egoitza (argazkia EuskalKultura.com)
Joan den maiatzaren 5ean inauguratu zuten Euskaltzaleak-eko lagunen Berndardo de Irigoyen kaleko euren egoitza (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

“Euskara, euskaldunon hizkuntza, Europako zaharrenetako bat da. Badira mendeak Rio de la Plata aldean hitz egiten dela. Bazuen ordua bere etxea izateko, Euskaltzaleak-en etxea. Zure laguntzari esker Argentinako euskararen etxeak beste teila bat izango du” hitz hauekin eta euskaraz zein erdaraz eskertu zien Carlos Bordagaray Euskaltzaleak-eko lehendakariak elkarteari bere etxe propioa izaten lagundu dioten guztiei. Inaugurazioa joan den larunbatean, maiatzaren 5ean, egin zen, 130 lagundik gora lekuko, Euskal Herriko abesti eta dantzak edergarri. Haritz bat ere landatu zen etxe aurrean. "Badakizu zure etxea non den Buenos Airesen, Bernardo de Irigoyen 826an, Obeliskotik gertu".

Buenos Aires, Argentina. Martxo hasieran adierazi zen egoitza berriaren berri. Erosketaren iragarpenarekin batera, Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko arduradunek egoitzaren inaugurazioaren data jakinarazi zuten: maiatzaren 5ean. Eguna heldu zen azkenik eta hainbeste lan eta ahaleginen fruitua komunitate osoarekin konpartitu ahal izan zuten euskaltegiko arduradunek.

Arratsaldeko 6ak aldera hasi zen ekitaldia, eta Argentinako beste erakunde batzuetako agintari eta ordezkariak ere bildu zren bertara, tartean Marta Abarrategui FEVAko idazkaria, Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko Juan Carlos Ibarrola, Askatasunaren Bidea elkarteko Horacio Marotto, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko Maria del Carmen Rodriguez irakaslea, Udako Euskal Unibertsitateko arduradun Enrique Aramburu, Laurak Bat liburutegiko Celina Bustos, Arturo Campion elkarteko Eduardo Torry eta Xeito Novo elkarteko musikariak. Elvira Kortajarena Euskadiko ordezkariak eta Josep Carles Puig Boo Kataluniako Casal-eko nagusiak ere lagundu zituzten Buenos Airesko euskaltzaleak jai honetan.

Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 01b

[Bildu ziren lagun guztiei ongietorria eman ondoren, Euskaltzaleak-eko abesbatzak, publikoak lagunduta, ‘Gernikako Arbola’ eta ‘Argentinako ereserkia’ abestu zituen. Ondoren erakundeko erreferentea den Elsa Usandizagak Nafarroako konkistaren V. urtemuga eta Gernikako Bonbardaketa hartu zituen hizpide. “Ukazioaren eta heriotzaren bidez, beldurra eta etsipena ezarri nahi izan zizkiguten, baina Euskal Herria bizirik dago. Askeak izateko nortasuna mantentzea beharrezkoa da; euskara babestu behar dugu eta guk, euskaldunen ondorengoek, ere babestuko dugu”, esan zuen Usandizagak. (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 02

[Programari jarraituz, haritz bat landatu zuten Euskaltzaleak-ekoek egoitza aurreko espaloian. Lagun bereziak gonbidatu zituen zuzendaritza batzordeak ekintza hau gauzatzeko: Alberto Ospital, bere emazte Betyrekin batera erakundearen betiko laguna eta Miren Edurne Aranoa, Buenos Airesen euskara bultzatzaile nagusietako bat izan zen Pedro Mirena Aranoa-ren arreba. Arbolaren zuloan Bilboko lur eskukada bat sartu zuen Miren Aranoa bilbotarrak (argazkia EuskalKultura.com)] 

Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 03
[Haritza landatu eta gero, ohorezko dantzaren momentua heldu zen, Arrecifesko euskal etxeko dantzarien eskutik. Renzo Bustosek ‘Aurreskua’ dantzatu zuen arbolaren aitzinean. Juan Ignacio Saez eta Marianela Rimini txistulariek jo zuten musika. (argazkia EuskalKultura.com)]
 
[Zeremoniak Euskaltzaleak-en egoitza aurreko Alfonso Rodriguez Castelao plazan jarraitu zuen. Francoren diktadura garaian erbesteratu behar izan zen Rodriguez Castelao artista eta politika galegoari gomuta eskaintzeko, pieza batzuk jo zituzten Xeito Novo elkarteko musikariek bildutakoen aurrean. Omenaldiaren baitan eta Euskaltzaleak-en izenean, Elsa Usandizagak esker beroak eman zizkien erakunde galiziarreko kideei haiengandik jasotako laguntza eta babesagatik. Gogora dezagun 2011ean Euskaltzaleak-eko ikastaroak Xeito Novo-ko egoitzan izan zirela. Errepertorian, ‘Fandango’ bat egin zuten Xeito Novokoek Arrecifeseko gazteek dantza zezaten, irudi hauek islatzen duten bezala (bideoa EuskalKultura.com)]
 Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 04

[Omenaldia bukatzean, egoitzara bueltatu ziren gonbidatuak. Bertan, atearen aurrean, zerrendak moztu zituen Euskaltzaleak-eko lehendakariak. Marta Abarrategui eta Elvira Kortajarena lagun izan zituen Bordagarayk une berezi honetan (argazkia EE)]

 Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 05

[Behin barruan, Euskaltzaleak-eko abesbatzak ‘Agur Jaunak’ interpretatu zuen. Brindisa egiteko garaian, Marta Abarrateguik eta Elvira Kortajarenak zorion agiantzak zuzendu zizkieten Euskaltzaleak-eko kideei. (argazkia EE)]

Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 06
[Euskaltzaleak euskaltegia egunero eraikitzen dutenak pozez beteta ospatu zuten egoitzaren inaugurazioa, tartean argikoa. Ezker-eskuin, Marcela Inda, Irene Lopez de Vicuña, Cecilia Canz, Sabrina Otegui, Teresa de Zavaleta eta Gorka Berasategi irakasleak (argazkia EuskalKultura.com)] 
 
Euskaltzaleaken inaugurazioa 2012 07
[Euskaltzaleak euskaltegiko egoitza berriak sarrera/ikasgela, sukalde txikia, komuna eta beste ikasgela bi ditu. Irudian bi ikasgela nagusiak. (argazkia EuskalKultura.com)]


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia