Buenos Aires, Argentina. Bere 75. urteurren jaia ospatuko du datorren ostiralean, abuztuaren 2an, Buenos Airesko Euskaltegiak. Izan ere, 75 urte joan dira Ildefonso Gurrutxaga, Quintín Mugica, Rufino de Arregui, Benito Montoya, Luis Ormaechea eta Miguel Zárate buru zituen taldeak Laurak Bat Euskal Etxearen baitan Euskaltzaleak sortu zuenetik. Elkartearen helburua oso argia izan zen hasieratik: Mikel Ezkerroren hitzetan, "Euskaltzaleak erakunde berezitu eta independente gisa sortu zen, ekimen garrantzitsu eta haraindiko bat helburu, Euskal Herriari izaeraren erroa eta moldea ematen dion euskara zaintzeko sortu baitzuten".
Urteak joan dira eta laua izan ez den bat egin ondoren gaur egun maila handiko zazpi irakasle, ehun ikasle inguru eta euren etxe propioa dira Euskaltzaleak-en oinarri eta altxorra. Eta hasierako helburuak ez ezik, erronka berriak ere jarri eta gainditu ditu elkarteak euskarari leku hobe eta handiagoa emate aldera. Horren adierazgarri, konparazio, hiriburuko zenbait auzotara zabaldu ditu klaseak, On Line ikastaroa sortu izana edota 2013tik aurrera Buenos Airesko kaleetan antolatu izan dituen Triki-Poteo arrakastatsuak, beti ere euskara eta euskal kultura dinamiko eta alaia landu eta elkarbanatzen.
Ospatzeko arrazoiak ez zaizkio falta Euskaltzaleak-i eta ostiralerako antolatu duen ospakizunak horixe islatuko du. Ospakizunari hasiera emateko euskal mitologiari buruzko hitzaldi bat emango du Silvia Azpiazu adituak. Jarraian, urteurren afarian, euskal menuaz gain Txapela sagardo naturala dastatzeko aukera izango dute hurreratzen direnek. Hitzordua iluntzeko 8etan da Espacio Campustellae izeneko Kultur Gunean, Sarandí kaleko 1280. zenbakian. Erreserbak uztailaren 31ra arte egin daitezke, euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidean. Zorionak, Euskaltzaleak!