euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko 'Euskal Echea' Eskolako ikasleek euskal immigranteen argentinaratzea antzeztu zuten

2007/11/26

Buenos Aireseko Sarandi kaleko Euskal Echea-ko ikasleak dantzari (argazkia EuskalKultura.com)
Buenos Aireseko Sarandi kaleko Euskal Echea-ko ikasleak dantzari (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuak ikasturte amaierako ohiko Euskal Festa ospatu zuen joan den azaroaren 18an. 'Immigrazioa' izan da aurten erabakitako gaia eta zenbait ekimen garatu dira horren inguruan, tartean dantzak, antzezpenak, erakusketak, baita eeskolako ikasleen gurasoek osaturiko abesbatzaren emanaldia ere, 'Lau Haizetara' dokumentalaren proiekzioak eta 'La Huella Vasca' ikusteko aukera. 350 bat ikasle eta mila bat guraso eta familiarteko bertaratu ziren, aurten Bilbon egindako Mundu Kongresuak aukeratutako eslogan berbera erabiliz: Zubigintzan.
Elkarretaratzea, joan den azaroaren 18an, larunbatez, ospatu zen Buenos Aires hiriburuko Sarandi kalean dagoen Euskal Echea Institutuan. Eraikinak hainbeste jende baitaratzeko aski leku ez duenez, bi funtzio egin ziren, goiz eta arratsaldez. Aurten aukeratutako gaia immigrazioarena izan da, eta hori ardatz harturik bi ekimen eratu dira, bata dinamikoa eta estatikoa bestea. Lehenengoak ordu eta laurden iraun zuen eta eskolako Jai Alai (sic) izeneko jolastokian egin zen.

Bigarrena, festarako propio apaindutako eskolako areto nagusian egin zen. Sarrera moduan bi ikaslek Aurreskua dantzatu zuten. Gero txikien txanda iritsi zen. Hauek kartoizko untzitxo bati eusten zioten, euskaldunek Argentinara untziz immigrante etortzen ziren garaiak irudikatzeko. Behin agertokian, Kaxianoren 'Itsasontzi baten' kanta ezaguna abestu zuten, eta bukatzean lau umek erakusketaren sarrera egin zuten. Ondoren beste ikasle talde adinez txikiago batek 'Txiki txikia' abestu zuen. Euren emanaldi zatia San Petrike eta kalejira eginez bukatu ostean, eskolako ikasleen gurasoek osatutako abesbatza bati pasatu zioten txanda, euskarazko eta gaztelaniazko kantuak kantatu bitartean 'Lau haizetara' dokumentalaren irudiak ematen zirela.

Ehundaka haur Gernikako Arbola kantari

Beste zenbait mailatako ikasleen dantzaldien txanda heldu zen ondoren. Hauek dantzatu zituzten dantzen artean Lantzeko Inauteria (2. eta 3. mailakoek), Kontradantza (4., 5. eta 7.goek), Arkuak (6. mailakoek) eta Fandangoa (6. eta 7.goek) aipa daitezke. Hauek guztiak Hiriburu Federaleko Euskal Echea eskolari dagokionez, baina Llavallol-eko Euskal Echea-ko neskatxa talde batek ere parte hartu zuen ekitaldian, Batelera dantzatuz eta baita Fandango eta Arin Arina ere, saioa ixteko. Erakustaldi dinamikoa bukatzeko Gernikako Arbola abestu zuten, bonbardeaketaren 70 urteurrena gogora ekarriz.

[Euskal Echea eskolako ikasleak kalejira politean, 'Jai-Alai' izeneko jolastokian (argazkia EuskalKultura.com)]

[Haurrek, mailaka, dantza diferenteak prestatu zituzten. Sarandi kaleko Euskal Echea eskolako ikasleek Euskara eta Euskal Kultura klaseak ikasturte normaleko parte gisa hartzen dituzte, irakasle Maria Belen Girasole eta Vanesa Felix direlarik (argazkia EuskalKultura.com)]

[María Belén Girasole, Victoria Abásolo (dantzaria, Arrecifeseko Euskal Etxeko kidea) eta Vanesa Félix Euskara eta Euskal Kultura irakasleak (argazkia EuskalKultura.com)]

Aurrekoak amaitu ahala, zati estatikora gonbidatu zituzten gurasoak, areto nagusira alegia, 7. mailako ikasleek propio egindako Picassoren 'Guernica' erraldoi bat apaingarri. 'Euskal aztarna' erakusketa eta Rosarioko Euskal Aste Nazionalerako eraikitako Euskarako Stand-a ere bertan zeuden, azken hau Euskaltzaleak-ek sortua bertara hurbiltzen ziren haur zein helduek euskara joko eta jolasen bidez praktika eta ikas zezaten. Aukera bikaina izan zen hau ikasleen gurasoek --ia guztiak argentinar jatorri ez euskaldunekoak-- Euskal Herriko hizkuntza eta kulturaz zerbait gehiago murgil zitezen.

Euskal Festara gonbidatu agertu ziren agintarien artean, Euskal Echea-ko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria, Dr. Simon Pedro Soroet, Zuzendari Orokorra, Dr. Santiago Bonfanti, diruzaina, Enrique Fagoaga eta, FEVAren izenean, Gabriela Mendia. Azkenik, eskolan euskara eta euskal kultura irakasle diren Vanesa Felix eta Maria Belen Girasolek Victoria Abasolo dantzariari eskerrak eman zizkioten festaren prestakuntzan laguntzeagatik eta baita 'D egunean' bertan izateagatik ere.


Lotura interesgarriak

Buenos Aires eta Lavallol-eko 'Euskal Echea' eskolak
www.euskalechea.esc.edu.ar

Hiru mila pertsona bildu ziren Lavallol-eko Euskal Festara
2007ko azaroaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

Bostehun partaidetik gora FEVAren X. 'Ume Topaketa'-n
2007ko irailaren 7an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia