euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak 'Biperraren Pesta' egingo du bihar, Ezpeletakoaren ohorez

2013/10/04

Biperraren Pesta, beti bezala, Iparraldeko Euskal Etxean izango da bihar (argazkiaIEE)
Biperraren Pesta, beti bezala, Iparraldeko Euskal Etxean izango da bihar (argazkiaIEE)

PUBLIZITATEA

Euskal etxeko Kultur Azpibatzordeak antolaturik, Biperraren Pesta egingo da bihar, urriaren 5ean, Argentinako hiriburuan. Jaia gaueko 9:30etan hasiko da, elkartearen egoitzaren kintxoan. Gonbite honekin batera, etxeko kide batek eskainiko duen datorren hitzaldiaren berri ere plazaratu du Azpibatzordeak. Urriaren 16an, Juan Carlos Ibarrolak "Aguafuertes Vascas. Roberto Arlt eta Euskal Herriarekiko harremana, 1935. urtean" izenburuko hitzaldia emango du. Gogora dezagun iraileko eta abuztuko hitzaldiak, Mikel Ezkerro eta Carlos Martinez-ek eman zituztela, hurrenez hurren.

Buenos Aires, Argentina. Urtero bezala, 2013 honetan ere ospatuko du 'Biperraren Pesta' Buenos Aireseko Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxeak. Proposamena afari eder bat konpartitzea da – eta horretarako pintxoak, arroza oilasko eta piperrarekin, postrea eta edariak prestatuko dituzte etxeko sukaldariek – eta lagunen artean momentu onak pasatzea giro euskaldunean, Ezpeletako biperra estakuru (Ezpeletako piperrak, 'biper' izena darama ofizialki, bertako euskalkian esana). Gaua animatzeko, jolasak, dantzak, kantu saioak eta zozketakere  egongo dira. Txartelaren prezio 80 pesokoa da eta kontaktatzeko helbidea, ibaiak@hotmail.com.

Baina Biperraren Pestarena ez da Iparraldeko Euskal Etxetik iritsi zaigun gonbite bakarra. Izan ere, urriaren 16an eta ‘Aguafuertes Vascas. Roberto Arlt eta Euskal Herriarekiko harremana, 1935. urtean’ izenburupean, hitzaldia eskainiko du etxeko kide den Juan Carlos Ibarrolak. “Oso ezagunak dira Roberto Arlt-ek argitaratu zituen Aguafuertes Españolas. Euskal Herriari buruz plazaratu zituenak, ordea, ez ziren besteak bezain ezagunak suertatu. Egoera politikoa nahiko larria zen ordurako eta idazleak ez zituen Euzkadi-ri buruzkoak (zetaz idazten zuen berak ‘Euzkadi’) estatuko gainerakoekin batera kaleratu nahi izan eta Aguafuertes Vascas izenpean argitaratu zituen”, azaltzen da hitzaldian parte hartzeko gonbitean.

Iparraldeko Euskal Etxeko hitzaldiak 2013 01

[Mikel Ezkerro-ren hitzaldia irailaren 19an izan zen; Martinez-ena, abuztuaren 29an (argazkiakIEE)]

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeak proposatzen dituen hitzaldietan gai anitz garatzen dira. Joan berri den iraileko hitzorduan, esate baterako, Argentinako euskal etxeei buruz hitz egin zuen Mikel Ezkerrok eta abuztukoan, Iparraldeko erakunde politikoak hartu zituen hizpide Carlos Martinezek.

Lehenari dagokionez, lagun kopuru polita bildu zen Moreno kaleko egoitzara "Argentinako euskal etxeei buruzko iritzia. Iragana, gaur egun eta etorkizuna" mintzaldia entzutera. Eta azalpena bukatzean amankomuneko hausnarketa batera iritsi zen: “Argentinako euskal jatorrizko jendeak euskal sentimendu handia du baino oso informazio gutxi. Gure esku dago hori aldatzea”.

Kultur Azpibatzordeko kide eta ‘Arturo Campion' Euskal Abertzaletasuna eta Kulturaren Ikasketa Guneko partaide den Carlos Martinezek, bere aldetik, Euskal Herriko erakunde politikoen antolakuntza historian zehar nola izan den azaldu zuen, bere hitzaldiarekin hasteko. Ondoren, Iparraldearen kasuan sakondu zuen: “Lapurdiko Biltzarra, Zuberoako Silviet eta Nafarroa Behereko Gorte Nagusiak, era ezberdinetan, Frantziako Iraultzaren arte mantendu ziren. Gaur egun, bertako erakundeko politiko-administratibo bat sortzeko nahikeria du Iparraldeko gizarteak eta engaiamendu handia erakusten du asmo honekin”. 

Azken bolada honetako gertaera esanguratsuak aipatu zituen Martinez-ek eta azalpena bukatzeko, galdera batzuk utzi zizkion publikoari: “Frantziako Gobernuaren deszentralizazio ekintzek erraztu zuten aldarrikapenaren hedapena. Orain ikusi behar da nola jarraituko duen Frantziako Deszentralizazioaren III. akta honek, ‘Pays Basque’ kontzeptua desagertuko ote den, zer gertatuko den Departamentuekin, 2013 bukatu aurretik -Lurraldeen Kontratua amaitzean- Iparralde Erakunde gisa onartuko den, eta zein izango den Ipar Euskal Herriaren etorkizuna”, bukatu zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia