euskal diaspora eta kultura
2008/09/26
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Duela urtebete, hamaika proiektu eta ekimenetan sartuta ibili ostean, Xabier Iñaki de Arza Blanco proposamen berri batekin hurbildu zitzaien bere senide eta lagunei: kultur elkarte berri bat sortzea Buenos Airesen. Elkartea, 2007ko azaroan sortu zen, “Denak Bat” izenarekin, izenak berak islatzen duen guztien engaiamendua azpimarratzeko. Izan ere, de Arzaren esanetan “proiektu kultural baten alde indarrak batzeak, oso aberasgarria izateaz gain, proiektu hori gauzatzen lagundu egiten du”.
Hasierako kideak hamar baino ez ziren, baina azken hilabeteotan, proiektua garatzen joan ahala partaide berriak emendatu zaizkie. Hiru tailer antolatu ditu orain artean Denak Bat erakundeak, denak Xabier Iñaki de Arza Blanco maisuaren gidaritzapean, kasuan kasuko arduradun aditu baten lankidetzarekin. Lehenengo tailerra ahots-teknikei buruzkoa izan zen eta apirilean abiaturik oraindik jarraitzen du, Pablo Pollitzer irakaslearen gidaritzapean.
Segitzen duten tailer interesgarriak
Bigarren tailerra, musika italiarraz, Laura Sangiorgio sopranoak eta Manuel de Olaso klabeak eman zuten. Ikastaro honetan, Friuliren abestiak eta “villotas”, Doménico Zipoliren obrak eta Antonio Vivaldiren “Gloria RV 589” landu zituzten eta Buenos Aireseko Dante Alighieri elkartearen izen bereko egoitzan eginiko emanaldi bat ekarri zuen ondorio.
Azken tailerra abuztuan garatu da eta euskal musikari buruzkoa izan da, Juan Crisostomo Arriaga eta Jose Maria Usandizaga musikagileen obra landuz. Aldi berean, hari-instrumento jotzaileek teknika eta interpretazioari buruzko eskolak ere eman dira. Arlo honetan, irakasleak Denak Bat Cameratako kideak izan dira, haien artean Grace Medina (concertinoa), Claudio Medina (biola) eta Edgardo Zollhofer (biolontxeloa).
Erakunde bakarra Diasporan
“Euskal kultur erakunde asko daude Argentinan", azaldu dio EuskalKultura.com-i Silvina Novo Etchegoin Denak Bat Kultur Elkarteko diruzainak, "hala nola, Paraná-ko Urrundik, Lagun Onak Abesbatza, Euskaltzaleak, Laurak Bat... batzuk aipatzearren. Uste dugu, ordea, geure Kamerata proiektua bakarra dela Diaspora osoan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa hartua dugu eredu gisa. Izan ere aukera baliatu nahi dugu gure esker zintzoenak emateko lagun eta lankide izan ditugun erakundeei: Euskal Echea Ikastetxea eta Colegio de Todos los Santos, ikastaroak eta entseguak egiteko tokia utzi digutekako. Laguntza handia eskaini digu baita ere Eresbil euskal musika artxibo nagusiak, Fundación Vizcaina Aguirrek, Amalur S.A.k eta Jon Gurutz Uriarte Ordezkaritzak-ek; horietako arduradunak euskal komunitateko partaide direlako ezagutzen genituen eta aurrera egiteko behar genituen dirulaguntzen zati bat eskuzabalki ekarri didute".
Denak Bat Elkarteak Buenos Aireseko Juan Ramírez de Velazco kaleko 356 zenbakian dauka egoitza. Elkartearekin kontaktuan jartzeko, hona euren helbide elektronikoa: culturaldenakbat@gmail.com.ar.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus