Buenos Aires, Argentina. Sei ordu trinko euskal festa, eta hamaika irudi, bideo zein argazki. Horixe eman zuen, besteak beste, 'Buenos Airesek EH Ospagai' edo 'Buenos Aires Celebra País Vasco' jai erraldoiko 2023ko edizioak ekainaren 4an. Hamaika irribarre, ilusio eta atxikimendu gogotsuren isla izan zen, gazteen aurpegiak lekuko. Arimak elikatu, gogoak inarrosi eta hainbaten begirada piztu zuen ekitaldiak. Partaidetza zabala bildu zuen, euskal komunitateko jende eta elkarteak erakusle, eta euskal jatorriko zein euskal jatorri gabeko herritarrak partaide.
Bere hamaikagarren edizioan, BAEHOk iraupen luzeko ikuskizun ederra eskaini zuen. Buenos Aires Hiriko (CABA), Buenos Aires probintziako eta Rio Negro, Mendoza, Santa Fe eta Córdoba probintzietako euskaldunak bertaratuta, Uruguai, Peru eta euskal diasporako ordezkari gehiagorekin, EHko batzuk ere tartean. Buenos Aires Hiriko Gobernuak babestuta eta Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeak koordinatuta, Argentinako euskal kulturaren bizitasunaren eta apustuaren isla eskaini zuen.
Dantzarien omenaldia ikurriñari ekitaldiko bigarren agertokian, Txistulari Bandaz
Dantzariak Banako dantzatzen EE desberdinetako txistulariz osatutako banda lagun
Dantzarien sarrera Maiatzeko Etorbidean bildutako publikoaren aurrean
Maipú-ko musikarien erritmopean, Maipú-ko dantzariak eta publikoa dantzari festako lehenengo agertokian
Sei ordutan zehar, 18 dantzari taldek aurkeztutako euskal dantzek protagonismo nabaria lortu zuten. Animazio handia sortu zuten eta ongi asmatu zuten bat egiten jaialdiak dastagai ipini zuen gainerako eskaintza hautuarekin, tartean gastronomia, musika, kantua, hizkuntza, danborrada, diseinuak, artisautza eta Argentinan argitaratutako euskal gaiei buruzko argitalpenak, paisaia eta postal ederrak utziz. Ikus jarraian doan argazki-galeria honetan: