Buenos Aires, Argentina. Euskal diasporaren Buenos Airesko urteroko hitzordu nagusiak badu dagoeneko data. Laurak Bat Euskal Etxeak iragarri duenez, ekainaren 4an, igandea, izango da 'Buenos Airesek EH Ospagai'ren edizio berria. Ohi denez, Chacabuco kaletik Maiatzeko Plazaraino doan Mayo Etorbidea izango da jaiaren gertalekua. Festan, Argentinako eta Uruguaiko hainbat Euskal Etxek hartuko dute parte.
“Igandean izateak parte hartzea errazten du, beraz, jendearen bertaratzeari dagokionez, pandemia aurreko garaiaren antzeko kopuruetara etortzea espero dugu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Laurak Bateko bazkide eta FEVAko lehendakari Arantxa Anituak. Argentinako euskal etxeei dagokienez, iaz jaian parte hartu ez zutenetako askok aurten egitea espero dute antolatzaileek. Bestalde, FIVUk eta Uruguaiko zenbait euskal etxek parte hartuko dutela baieztatu dute.
Jendeak harrera ona
Euskal gizataldeak hiriko bizilagunekin bere kultura, historia eta nortasuna partekatuko dituen ekitaldiaren 11. edizioa izango da aurtengoa. Laurak Bat Euskal Etxea eta Buenos Aires Hiriko Gobernuaren Gizataldeen Zuzendaritza Nagusia antolatzaile dituen ekimen jendetsu honek “oso harrera ona izaten du hirian. Jendeak harrera ederra egiten die gure tradizioei eta batez ere sukaldaritzari, beti oso erakargarria izaten baita. Pozik gaude eta berriro arrakasta handia izatea nahi genuke", amaitu du Arantxa Anituak.