euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesek Europa ospagai: formatu berrian, maiatzean egingo du euskal kulturaren urteroko ekitaldia hiriburu argentinarrak

2024/04/26

"Buenos Airesek Euskal Herria ospagai" jaialdiko 2023ko edizioko lau irudi: dantzariak, eskulanak, sukaldaritza eta danborrada
"Buenos Airesek Euskal Herria ospagai" jaialdiko 2023ko edizioko lau irudi: dantzariak, eskulanak, sukaldaritza eta danborrada

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Izena eta formatua aldatuta dator. Buenos Aires Hiriko Gobernuak urtero antolatzen zuen “Buenos Aires Celebra el País Vasco" (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) jaialdiak izena eta formatua aldatu ditu. Maiatzaren 12an, igandea, Maiatzeko Etorbidean ospatuko da lehenengo “Buenos Aires Celebra Europa" (Buenos Airesek Europa ospagai), hiriburu argentinarrean bizi diren 'kontinente zaharreko' gizataldeei eskainia. Eguerdiko 12etatik 18etara, Maiatzeko Etorbidera —Bolivar eta Chacabuco artean— bertaratzen direnek dantzaz, musikaz, gastronomia tipikoaz eta hainbat eta hainbat proposamen erakargarriz gozatzeko aukera izango dute, komunitate askoren ordezkari, horien artean, euskaldunak.

“Buenos Airesek Europa ospagai” ekitaldiak, aspalditik hirian elkarrekin bizi diren eta bertako nortasuna eratzen lagundu izan duten Europako hainbat nazioren ordezkari diren komunitateen topaketa izango da. Horixe da, hain zuzen, euskal koletibitatearen kasua. Aurten, formatu berri honi egokituz, euskal kulturaren lagin txiki batekin parte hartu beharko du. Euskaldunekin batera partaide izango baitira txekiar, kroaziar, daniar, eslovakiar, finlandiar, irlandar, norvegiar, portugaldar eta suediar komunitateak, bakoitzak bere tradizioko onena aurkeztuz.

Laurak Bat eta Euskaltzaleak

Euskal Herriaren ordezkari, dantza tradizionalaren ikuskizuna eskainiko dute Laurak Bateko eta Euskaltzaleak-eko dantzariek. Proposamen artistikoa Donostiako Danborradako dabor eta upelekin osatuko da, Euskal Etxe dekanoko bazkide diren Jose Maria Gutierrez eta Jorge Rabufetti zuzendari. Eskaintza gastronomikoari dagokionez, Euskaltzaleak-eko sukaldariek babarrunak, tortilla pintxoak, eta txistorra bokatak eskainiko dituzte. Laurak Batekoek txerri giharra piperradarekin bokatan. Horretaz gain, bi euskal stand kultural egongo dira. Bertan artisautza, oroigarriak eta diseinu objektuak salduko dira eta Euskal Etxeetako jarduerei buruzko informazioa emango da. Euria egingo balu, jaialdia bertan behera utzi eta maiatzaren 26ra, igandean, aldatuko litzateke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia