Buenos Aires, Argentina. Urtero kaleko bertsioan eskaintzen dituen eduki berberak eskaini zituen Laurak Bat-ek aurtengo BAC digitalean. Alegia, BACen 10. edizioa betiko aurkezleekin hasi zen eta ondoren, aurreko ediziotan bezalaxe, agintarien agurrak, musika eta dantza saioak, sukaldaritza, euskara, genealogia, kirolak, txikientzako ekintzak, musa… etorri ziren, online formatuan.
Sare sozialek Mayo Etorbideko standak, agertokiak eta topaguneak ordezkatu zituzten. Desabantailak?: nabarmenena seguruenik lagunei besarkadak emateko aukera ez izatea. Abantailak? Bizpahiru ere aurki ditzakegu, tartean, hamar urte hauetan distantziagatik parte hartu ahal izan ez duten euskal etxe batzuek –Barilocheko Mendiko Eusko Etxeak edo Txileko Santiagoko Euzko Etxeak kasu– parte hartu ahal izana. Are gehiago, esan ere esan dezakegu “globala”-edo izan dela jaialdia, Argentina osotik ez ezik, Euskal Herritik eta beste hainbat herrialdetatik ere jarraitu ahal izan baitute ikusleek saioa, Internet bidez.
Laurak Bateko lehendakari Arantxa Anituak, festa bukatu eta egindako lehenengo balorazioan, “zalantzarik gabe, mugarria izan da gaurkoa", adieraz zuen. "Horrekin ez dut esan nahi inondik inora ekintza birtualek ordezkatuko dituztela aurrez aurreko topaketak; esan nahi dudana da gaurkotzea ezinbestekoa dela eta agian bide birtualak lagun dezakeela hobetzen hain handia den gurea bezalako herrialde batek partaidetzarako dituen arazoetako batzuk”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i.
“Gaurko BACi buruz, zalantzarik ez da bizi-bizia izan dela; lanean ari ginenontzat neketsua, baina erabat atsegina. Izan ere oso atsegina da jakitea euskaldunok BAC digitala egin duen lehenengo kolektibitatea izan garela eta hiriko Gobernua oso-oso pozik dagoela emaitzekin. Goiz da zenbakiei buruz hitz egiteko baina bai esan dezaket gure kontuetako jarraitzaileen kopurua bikoiztu egin dela. Arratsaldean zehar mota askotako galderak egin dizkigute, oso giro eta jarrera interesdunean. Eta badakigu indar hori aprobetxatuko dugula”.
“Antolakuntzari barrurik begiratuta, prozesua oso polita izan da. Jende berria gehitu zaigu, betiko jendea erraz moldatu da eginbehar berriekin… esker oneko hitza baino ez ditut lagundu duten guztientzat”, azpimarratu du Anituak.
Zenbakiei buruz emango dira datozen egunetan datu zehatzat, –Instagram eta Facebook kontuetan argitalpen bakoitzeko ‘atsegin dut’en kopuruak gorako joera garbia erakusten ari da igandea iluntzean– bai ikus daitezke artikulu hau idazten dugun bitartean, nola biderkatzen diren Laurak Bat jasotzen ari den zorion agurrak.
Mezu horiek ikusteko Euskal Etxearen Facebook edota Instagram kontuetan sartu baino ez da egin behar. Bertan, gainera, arratsaldean zehar igo diren edukiak (agintarien agurrak, artista ospetsuen mezuak, errezetak, dantzak…) ere ikusgai daude.