euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires probintziako zenbait euskal etxeen bisitan ari da Josu Legarreta Euskal Gizataldeekiko Zuzendaria

2007/08/04

Josu Legarreta Horacio Ugartemendia 'Beti Aurrera' EEko lehendakaria aurrean duela, Chivilcoyn bertan joan den asteartean eskainitako prentsaurrean
Josu Legarreta Horacio Ugartemendia 'Beti Aurrera' EEko lehendakaria aurrean duela, Chivilcoyn bertan joan den asteartean eskainitako prentsaurrean

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari Josu Legarreta Buenos Aires probintziako zenbait euskal etxeren bisitan ari da Argentinan, joan den astelehenetik abiatuta. Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea bisitatzetik zetorren Legarretak zaharberritze lan handiak egin dituzten euskal etxeak ari da bisitatzen eta zerrenda horretan daude azken egunotan bisitatu dituen Arrecifes eta Bragado, edota Chivilcoy-koa, azken honek etxe egin berri osoa inauguratu baitzuen joan den ekainean. Euskal ordezkariak Buenos Airesen bukatuko du bidaia, bertako Laurak Bat Euskal Etxearen 130. urteurreneko ekitaldietara bilduko baita, aurretik Ekin, Euskaltzaleak eta Eusketxe erakundeen egoitza Mexiko 1880 kaleko egoitza berria bisitatu ostean.
Brasilgo Sao Pauloko etorria, Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariak astelehenean hasi zuen Buenos Aires probintziako zenbait herrietara ekarri duen bira, Bragadon, hain zuzen, bertako 'Danak Anaiak' Euskal Etxearen eskutik. Bragadon, euskal erakundeko zuzendaritza batzordeko kide eta lagunekin bildu zen Legarreta eta euren egoitza zaharberritua bisitaturik, hitzaldia eskaini zuen Jaurlaritzako funtzionariak. Iaz, Euskal Etxeak 50 urte bete zituela-eta bazkideek berek eginiko bideoa ere proiektatu zitzaion.

Chivilcoy izan zen, asteartean, Legarretaren bisitaren bigarren mugarria. Bertako 'Beti Aurrera' Euskal Etxeko ordezkariez gain, Walter Larrea Udal Gobernuko idazkariak errezibitu zuen, Hiriaren Armarria eskaini ziolarik opari gisa. Arratsaldez, urte eta ahalegin handien emaitza joan den ekainean inauguratu zen Euskal Etxearen egoitzara ikustaldia egin ostean, bertakoen lana eta erabakimena laudatu zituen Legarretak, hasitakoa bukatu eta euren izenari ohore egiten badakitela frogatu baitute.

Sao Paulo, Bragado eta Chivilcoy

[Josu Legarreta, zutik erdi-ezkerraldean, Chivilcoyko 'Beti Aurrera' Euskal Etxeko zuzendaritza batzordekide eta lagunek inguraturik, joan den asteartean bertara eginiko bisitaldian. Ekainean inauguratu zuen 'Beti Aurrera'k bere egoitza dotorea, urte askotan lanak emeki emeki etengabe egiten jardun ondoren]

Chivilcoyko egonaldiaren azken partean, prentsaurreko batek eraman zituen hondarreko minutuak. Legarretak kazetarien galderei erantzun zien eta gisa horretan azaldu zuen munduan 162 euskal etxe daudela Eusko Jaurlaritzaren aurrean izenemanak, eta hogeita hamar bat mila bazkide biltzen dituztela. Euskal Etxerik daukaten herrialdeak, berriz, 21 dira. Horien artean, Argentinak batzen du euskal etxerik gehien, 75.'Euskal kolektibitate handiena daukan herrialdea da, ondotik Estatu Batuak, 35 euskal etxerekin. Jarraian Uruguai dator, gero Espainia, Venezuela, Australia...', adierazi zuen.

Euskadiko egungo egoeraz, ETA desagertzearen alde azaldu zen eta 'ekintza armatua uzteko' eskatu zion, 'ez baitu batere ekarpen onik egiten'. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernuaren arteko harremanez galdetuta adierazi zuen 'batzuetan ona dela eta beste batzuetan ez'. Besteak beste honako komunikabideak bertaratu ziren hitzordura: La Razón egunkaria, La Campaña egunkaria, Radio Local, eta aita ere L.T.32, telebista kanala, tokiko albistegirako. Mementu batzuetan euskara taldekideekin eta dantza taldekideekin mintzatu eta gero --azken hauek exhibizio labur bat aurkeztu zioten-, afari tipikoa eskaini zitzaion Legarretari El Terneron, propio antolatutako tango show bat eta guzti.

Arrecifes eta José C. Paz

[Ongi etorri afaria antolatu zioten Arrecifes-eko 'Euskaldunak Denak Bat'eko kideak Josu Legarretari, euskal etxeko egoitzan eginiko berritze lanak aurkeztu ondoren]

Abuztuaren lehena, berriz, Arrecifesen eman zuen Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariak. Eguerdi partean alkate Francisco Carlos Angelinik errezibitu zuen, baita Adrian Galligani erretoreak ere. Bilkura bukatuta, Euskal Etxeko alde zaharberrituak erakutsi zitzaizkion eta proiektuok amaituta eta erabilgarri ikusi izana laudatu zuen Legarretak. Bazkaldu ondoren, gonbidapena luzatu zioten Bar Plaza-ra joateko, bertan baitaude zintzilik Olga Aurtenechea de Solanes artista plastiko arrecifestarraren --eta aldi berean Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kidearen-- zenbait lan. Bisitaren hondarrean, prentsaurreko berri bat eta euskal etxean bertan gauzatu zen afari-asado bat etorri ziren.

Buenos Aires hiriburura itzuli aurreko azkeneko hitzorduak Jose C. Paz herriko 'Toki Eder' Euskal Etxera eraman zuen Legarreta. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak euskal egoitza bisitatu, Zuzendaritza Batzordeko partaideek lagunduta, eta atseginez aipatu zuen 'gustura' ikusi zituela obren aurrerapenak. Bestalde, eta Toki Ederrek Oñati herri gipuzkoarrarekin elkarlanean daraman lan sozial eskerga kontutan hartuz, lankidetza hori iristen den zenbait toki bisitatu zituen, bolondresetako batzuekin mintzatuz.


Lotura iteresgarriak

Sao Pauloko (Brasil) Eusko Alkartasuna Euskal Etxea
http://euskaletxeabrasil.locaweb.com.br

Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera' Euskal Etxearen bloga
www.centrovascochivilcoy.blogspot.com

José C. Paz-eko 'Toki Eder' Euskal Etxea
www.josepaz.com.ar/cym/centro_vasco


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia