euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires probintziako Pigüeko euskal ondorengoak hilero elkartzen dira herriko 'Navarra' jatetxean

2013/09/04

Pigüeko euskal afarien irudi batzuk (argazkiakEE)
Pigüeko euskal afarien irudi batzuk (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Euskal jatorrizko lagun ugari dagoen arren euskal etxerik ez dago –oraingoz– Argentinako hiriburutik 600 bat kilometro hego-mendebaldera dagoen Pigüe hirian. Hori dela eta, eta elkarte bat antolatzeko asmoz hasi dira biltzen euskal abizenak dituzten hainbat herritar. “Hala ere, lehentasuna ez da zuzendaritza osatu edo erakunde bat sortzea. Agian egingo da denboraren poderioz, ikusiko. Oraingo helburua da gero eta jende gehiago bildu eta gure historia eta sustraiak hobeto ezagutzea”, adierazi dio EuskalKultura.com-i taldearen bultzatzailetako bat den Veronica Olletak. Datorren afaria irailaren 16an izango da, herriko 'Cafe-Resto Navarra' jatetxean.

Pigüe, Argentina. Nahiz eta inguruko herrietako euskal etxeekin harreman handirik ez izan –kontuan izan dezagun hurbilen dagoen euskal erakundeetako bat, Bahia Blanca, 130 kilometrora dagoela-, oso argi dute Pigüeko Euskal Herriko etorkinen ondorengoek Argentinako euskal Diaspora antolatuta dagoela eta ekintza anitz egiten direla euskal kultura mantendu eta zabaltze aldera. Horri begira, euskal topaketak antolatzen hasi ziren, herriko euskal gizataldeko jendeak elkar ezagut zezan eta taldea zabaldu nahian.

“Hasteko euskal abizenen berri eskuratu genuen eta horren ostean herriko telefono aurkibidean bilatu genituen banan-banan. Hedabideen bitartez deialdia egin genuen eta erantzun ona izan dugu orain arte egin ditugun lau afaritan. Bilera hauen helburua da ahalik eta euskaldun gehien batzea, herrikoak eta eskualdekoak. Pigüek 15 mila biztanle ditu eta horietako askok dute euskal jatorria. Geroago ikusiko dugu euskal etxea antolatzen dugun ala ez, horrek dakartzan urratsekin”, azaltzen du Otsagabiatik etorritako etorkinen ondorengoa den Veronica Olletak.

Hilerokoo elkarretaratzeak

Afariak hilabete bakoitzeko hirugarren astelehenean egiten dira, oso leku esanguratsu batean: Navarra izeneko jatetxe batean. “Saiatzen gara afariaren txartela arrazoizko prezioan jartzen eta menua euskal plater tipikoa izan dadin, hala nola, patata tortilla edo dilista gisatuak. Beste alde batetik, bileretan euskal kulturarekin lotura duten oparitxoren bat ematen diegu gonbidatuei, adibidez, autoetan jartzeko ikurrina, euskal musika CDa edota Euskal Herriari buruzko bitxikeriak biltzen dituen buletin bat. Azken finean, denon artean joango gara geure burua ezagutzen. Neronek hasieran ez nekien nongoa zen nire aitona ere eta horregatik hasi nintzen informazio hori bilatzen, jendeari datu horiek ere eskuratu ahal izateko” adierazi du Veronica Olletak bezala Nafarroako arbasoak dituen Ana Maria Zugastik Pigüeko ‘Reflejos’ astekarian argitaratutako artikulu batean.

Datorren afariak badu data dagoeneko: irailaren 16an izango da, betiko lekuan, eta parte hartu nahi dutenek taldearekin kontaktatzea baino ez dute ‘Centro Vasco Pigüe’ Facebook-eko helbidean edota veroniquitatelar@hotmail.com edo mariaeolleta@hotmail.com helbide elektronikoetara idatziz. Jatetxean ere eska daiteke informazioa Facebook-eko ‘Navarra Cafe-Resto’ kontuan. “Euskaldunak sentitzen diren guztiak etor daitezke. Oso aukera polita da elkar ezagutu eta batez ere ondo pasa dezagun”, zabaltzen dute gonbidapena Pigüeko euskaldunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia