euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires-ko Euskaltzaleak-ek euskara eta euskal kultura ikastaroak iragarri eta webgune berria sareratu du

2007/03/06

Euskaltzaleak-ek euskararen inguruan edota euskaraz antolatu ohi duen jolas ekitaldietako bat
Euskaltzaleak-ek euskararen inguruan edota euskaraz antolatu ohi duen jolas ekitaldietako bat

PUBLIZITATEA

Hego Hemisferioko opor edo bakantza egunak bukatuta, Argentinako 'Euskaltzaleak' --euskara irakasten erakunde eskarmentuduna, 1944an helburu jakin horrekin sortu baitzen Buenos Airesen-- prest dago dagoeneko beste urte batez euskal hizkuntza eta kultura zabaltzen hasteko, edo segitzeko. Datorren astelehenean abiatuko dituzte aurtengo euskara klaseak, lau mail desberdinetan, eta Euskara eta Euskal Kultura Lantegi bati ere ekingo diote. Klaseekin batera, 'giro gazte eta euskaltzalea' eskaintzen duen elkarte honek toki berria moldatu du interneten eta, oraindik aurkeztu ez badu ere, abian jarria du sarean.
Euskaltzaleak elkartea --1944tik hona hemengo erdaraz bere burua 'Escuela de Lengua Vasca de Buenos Aires' gisa aurkezten duena-- prest dago kurtso eta ikastaro berri bati ekiteko, gauza jakina baita Argentinan eskola garaia urte naturalarekin hasi eta bukatzen dela. Beraz 2007ko kurtsoari hasiera emanez, datorren astelehenetik aurrera lau izango dira México 1880-ko bere egoitzan abiaraziko dituen euskara ikastaroak, Euskara eta Euskal Kultura Lantegi orokorrago batekin batera.

LAU HIZKUNTZA MAILA ETA EUSKARA ETA KULTURA TAILERRA

Euskal hizkuntza ikastaroetan, oinarrizko mailari dagokionez, Marina Aranguren izango dute irakasle, astelehen eta asteazkenetan, 19:00etatik 21:00etara; eta Irene López de Vicuña astearte eta ostegunetan, 20:00etatik 22:00etara; bigarren mailari dagokionez, irakaslea Belén Girasole izango da, eta eskolak astearte eta ostiraletan garatuko dira, 19:00etatik 21:00etara.

Laugarren mailak Gabriel Arce izango du irakasle, eta eskolak astelehen eta ostegunetan izango dira, 19:30etatik 21:30etara; Bostgarren maila, azkenik, Sabrina Oteguiri egokitu zaio, eskolak astearte eta ostegunetan izango direlarik, 19.00etatik 21.00etara. Euskara eta Euskal Kultura Lantegiari dagokionez, berriz, astean behin egingo da, asteazkenetan, 18:30etatik 21:30etara, Teresa de Zavaleta irakasle.

IKASTAROEKIN BATERA, EKINTZA OSAGARRIAK

Ikastarootan parte hartzearren, 30 pesoko matrikula behar da ordaindu, eta beste 30 peso hilabetero eskolengatik. Klase arautuekin batera, Euskaltzaleak-ek eskaintzen ditu ikaste prozesuko ekintza osagarri gisa 'ikasle elkarretaratzeak, afari, joku eta dantza saioekin', 'erakundearen abesbatza, euskal kantuetan trebatu nahi duenarentzat', 'eskola lagungarriak eta biblioteka', 'Rosarioko Euskal Aste Nazionalean parte hartzea', 'hitzaldi eta tailerrak' eta 'sarbidea ikasgela mediatikora', 'giro gazte, bizi eta euskaltzale aparta'rekin batera.

Erakundeak eskaintzen duen Euskara eta Euskal Kultura II. Tailerrari dagokionez, 'hizkuntza ikastea' dauka helburu, baina bere inguruan txertatuz eta 'euskal kulturaren beste hainbat alderdi eta faktorerekin harremanetan'. Bertan parte hartzeko, oinarrizko euskara ikastaroa egindakoa behar du izan partaideak. Hala ere, lehenengo hilabetean errepaso moduko zerbait egiten da, guztiak pareko mailarekin has daitezen.

TAILERRA: BIDAIA EUSKAL HERRIAN ZEHAR

Ikastaroa 'Euskal Herrian zehar eginiko bidaia gisa dago antolatua, geldialdiak eginez ohitura eta usadio zahar eta berrietan, mito eta leiendetan eta prozesu historikoek gizartean izan duten eragina azalduz, besteak beste. Hizkuntza aldetik, helburutzat hartzen da gustuak azaldu ahal izatea edota gurari eta beharrak; gertatutako gauzak eta egiera arruntak kontatzen ikastea; paisaiak eta pertsonaiak deskribitzea, ibilbide bat planifikatzea, eta abar'. Tailerra izanik, ordea, ikasleek zer esan handia daukate eta entzuten dira euren irizpide eta iradokizunak.

WEBGUNEA

Ikasturte berria hastearekin batera, Euskaltzaleak eguneratzen ari da bere presentzia sarean eta aldi berean prentsa eta komunikabideekiko dauzkan harremanak hobetzeko erronka orokorra bota dio bere buruari. Aurretik eta .tk amaierarekin zeukan webgunearen ordez, www.euskaltzaleak.org.ar URL helbide berria hasi da erabiltzen, datozen aste eta hilabeteetan edukiak emendatu eta gaurkotzeko asmoz.

Euskaltzaleak-en datuak:

Euskaltzaleak-Escuela de Lengua Vasca de Buenos Aires
México 1880 (C1222ABB)
Tel-Fax-a: +54 11 4 383 1529
Webgunea: www.euskaltzaleak.org.ar
Maila: info@euskaltzaleak.org.ar


Lotura interesgarriak

Buenos Aires-ko Euskaltzaleak erakundearen webgunea
www.euskaltzaleak.org.ar

'Euskaltzaleak celebró el Día del Euskera'
EuskalKultura.com-en 2006ko abenduaren 19an argitara emana

'Un taller cultiva durante 4 meses la Poesía Vasca en Buenos Aires'
EuskalKultura.com-en 2006ko abenduaren 15ean argitara emana

'Teresa de Zavaleta, elegida presidenta de Euskaltzaleak'
EuskalKultura.com-en 2006ko abenduaren 2an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia