euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires: hiriko Euskaltzaleak-en hamaikagarren Trikipoteoan berriro kalejiran elkartzearen bozkarioa nagusi

2022/09/13

Buenos Aireseko Euskaltzaleakeko egoitzaren atarian, ateratzeko prest
Buenos Aireseko Euskaltzaleakeko egoitzaren atarian, ateratzeko prest

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak antolatu ohi duen Trikipoteoak bere hamaikagarren edizioa bete eta euskaltzale talde sutsu bat bildu zuen hiriburu argentinarreko kaleetan. Hitzorduak abuztua eta iraila uztartu zituen, abuztuko azkeneko asteburuan egin baitzen arrakastatsu. Haur, gazte eta helduek osatutako konpartsa San Telmoko kaleetan barrena, tabernaz taberna, kantatzen eta dantzan ibili zen, hego hemisferioko neguko gau epelaz gozatuz.

Ez da beti erraza Buenos Airesen, trikitia jo dezakeen norbait aurkitzea. Hala ere, elkartzeko gogoa handia denean, zailtasunak modu batera edo bestera gainditu egiten dira eta kasu honetan, 'Trikipoteoa' 'Txistupoteo' bilakatu, eta kaleratu zen musika, euskara ikasleen ahotsen, txistuaren eta panderoen eskutik etorri zen. Bildutakoek, fandango eta beste euskal dantza tradizional batzuen pausoak entseatu zituzten, urriko bigarren astean etorriko den Macachingo Euskal Aste Nazionalari begira.

 
Bildutako lagunak Euskaltzaleak-eko egoitzatik irteten San Telmoko kaleetan barrena

 
Buenos Aireseko kaleetan bertako euskaldunak Zazpi jauzi dantzatzen

Trikitixaren falta txistuarekin eta gogo biziarekin gaindituz, bi urteko pandemiaren ondoren, dantza eta besarkadak partekatzera bildu ziren koskortutako umeak, gazteak eta aspaldiko lagun zaharrak, berriz elkartzearen poza izan baitzen Trikipoteo berezi honetan azpimarragarriena.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia