euskal diaspora eta kultura
2010/11/26
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Mercosur gunerako Euskadiren Ordezkaritzak hainbat ekimen eta bilera egin ditu azken hilabete honetan, eta horien artean azkenetakoa Buenos Aires hiriarekin kultura eta turismo hartuemana sustatzeko izan da. Helburu horrekin Elvira Kortajarena Ordezkariak bilera egin zuen joan den azaroaren 17an Buenos Aires hiriko Kultura ministroa den Hernan Lombardirekin.
Bileran Lombardik Eusko Jaurlaritzari ministerioak Buenos Airesen dituen museo eta erakusketa guneak erabiltzeko erraztasun guztiak eman zizkion, hirian euskal artisten lanak erakutsi ahal izateko. Kolaborazioa bi norabideetan izango da, gainera, eta Buenos Airesko artisten lana Euskal Herrian ezagutzera emateko bideak ere bilatuko dituzte. Ordezkaritzak zubilana egingo du hartueman artistiko hau bideratuko duten Etxepare Institutuaren eta Buenos Airesko Kultura Ministerioaren artean.
Azaroan jarduera ugari
Azaroa ekimenez beteriko hilabetea izan da ordezkaritzaren agendan, batez ere Argentinako Euskal Aste Nazionalaren ospakizunak direla eta. Horrez gain, joan den azaroaren 18an, Kortajarena ordezkariak parte hartu zuen EITBko zuzendariak, Alberto Suriok, Argentinako zenbait kable operadore eta agintarirekin izan zituen bileretan. Besteak beste, Espainiako enbaxadore Rafael Estrellarekin bildu ziren. Bilera horien helburua, Argentinan Canal Vasco katearen hedapena zabaldu eta hobetzea zen.
Hilaren seiean, Kortajarenak Euskal Astea dela eta Argentinara etorritako Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria, Laurak Bat eta Gure Echea elkarteen pintura arloko altxor historikoa ikustera lagundu zuen. Goenagak ondare hau osatzen duten artelanen katalogazio eta zaintzan kolaboratzeko interesa agertu zuen, lan hauek zalbaldu eta ezagutzera emateko laguntza emateko prest.
Euskal Astean
Mar del Platako Euskal Aste Nazionalaren baitan FEVAk egin zuen bileran ere parte hartu zuen joan den azaroaren 10ean Kortajarenak, Julian Celaya Jaurlaritzako Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariarekin eta Aizpea Goenaga Etxepare Institutuaren zuzendariarekin batera. Testuinguru berean, bilera egin zuten baita ere Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioarekin (FIVU), eta Brasilgo euskal komunitatetik Mar del Platara bildutako ordezkariekin. Kortajarenak, Celayak eta Goenagak Euskal Astearen itxiera ekitaldian eta Argentinan Euskaraz programaren 20. urteurreneko ospakizunetan ere hartu zuten parte Mar del Platan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus