euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires: Heliportu bat egitearren lekuz aldatu nahi zuten Etxe Arrosa ondoko Gernikako Arbola ez dute mugituko

2017/03/29

‘11 de Junio de 1580’ plazan dauden Juan de Garayren oroitarria eta Gernikako kimua (argazkia wikipedia)
‘11 de Junio de 1580’ plazan dauden Juan de Garayren oroitarria eta Gernikako kimua (argazkia wikipedia)

PUBLIZITATEA

"Parque del Bajo" izeneko proiektuak lekuz aldatu nahi zuen. Juan de Garay Fundazio Euskal Argentinarrak eginiko kudeaketa lanak medio, historia eta lotura euskal argentinarraren sinbolo eta ikono den kimuak bertan segituko du, 1919an landatu zuten lekuan. Juan de Garayren estatua, aldiz, bertan 1915an ezarria, 30 bat metro mugituko dute. Lanak datorren urterako bukatuko lirateke, ekainero bertan egiten den hiriaren urteurren ekitaldiari batere eragin gabe.

Buenos Aires, Argentina. 2017aren hasieran aurkeztutako ‘Parque del Bajo’ proiektuak 102 mila metro karratuko berdegunea ekarriko du. Hiriburuko ‘Bajo’ auzoan eta Belgrano, Corrientes, Paseo Colon eta Huergo/Madero etorbideek mugatutako gunean hainbat interbentzio egin eta zuhaitzak eta landareak landatuko dira, espaloiak zabalduko, plazetako hesiak kenduko eta bizikletaz eta oinez ibiltzeko bideak eraikiko dira.

‘Parque del Bajo’ berria eraikitzeko eta biztanleen bizitza kalitatea hobetzeko eragiketa horien jatorrizko proiektuak, baina, euskal kolektibitatearentzat bereziki esanguratsuak diren lekuak ukitu behar zituen. Izan ere, Argentinako Gobernu Nazionalaren egoitza den Etxe Arrosako heliportua berkokatze lanek, ‘11 de Junio de 1580’ izeneko --eta jendeak Juan de Garay plazatxoa legez ezagutzen duen-- plazan dauden Juana Azurduyren eta Juan de Garayren omenezko monumentuak eta Gernikako Arbolaren kimua lekuz aldatzea zekarren.

Egoeraren berri izan bezain pronto, Juan de Garay Fundazioko kideak kontaktuan jarri ziren Buenos Airesko Udal Gobernuarekin proiektua berriz aztertu eta bereziki Gernikako Arbolaren osasunean kalteak ekar zitzakeen lekuz aldatzeko proiektua moldatzeko. Fundazioko Jorge Beramendik EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Aholku tekniko eske Carlos Thays adituarengana jo genuen eta esan zigun ez zela batere komenigarria bertan ia mende bat daraman arbola lekuz aldatzea". "Zuhaitz hori Laurak Bateko garai hartako kideek ekarri zuten eta hemen landatu zen duela 98 urte; Gernikan dagoenaren kimua da eta bere oinarrian biltzen gara urtero, ekainaren 11an Fundazioko kideak eta Udaleko ordezkariak, beste hainbat autoritaterekin batera, Buenos Aires hiriaren fundazioa ospatzeko. Guretzat garrantzia handia dute ‘11 de Junio de 1580’ plazak eta plazan dauden ikurrak”.

“Ondorioz, hiriburuko Hiri Garapen eta Garraio ministroa den Franco Mocciarekin bildu ginen eta gure eskabide arrazoitua, dokumentu eta txostenak barne, aurkeztu eta gero, akordio batera iritsi ginen: Gernikako kimua bere lekuan geratuko da; eta heliportutik urruntzeko Juan de Garayren oroitarria, 30 bat metro mugituko dute, Leandro Alem etorbideari begira jarriz". "Gure proposamenarekin batera, 1580. urtean Garayrekin etorri eta Buenos Aires hiriko lehenengo biztanleak izan ziren 64 lagunen izenak plaka batera jasotzea ere aurkeztu genuen”, jakinarazi digu Beramendik.  

Neurri hauek adostuta, Udalak jakinarazi dio Fundazioari aurtengo ekainaren 11ko ekitaldia urteroko lekuan egin ahal izango dela, obrak hasi aurretik, eta aldi berean eta epeak bete eta dena ondo ateratzen bada, datorren urtekoa plaza berrituan izango litzatekeela, 'Parque del Bajo' berdegunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia