Buenos Aires, Argentina. Alkartasuna Gastronomia Taldea datorren larunbatean, uztailaren 15ean, bilduko da Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean Ikurrinaren Eguna ospatzeko. "Bilbon, 1894ko uztailaren 14an aurrenekoz zinzilikatu eta jaso zuten ikurrina, eta 1921eko uztailaren 9an, gauza bera egin zuten ofizialki Argentinan", oroitarazi dute. Hitzordua arratsaldeko 8:30etan hasiko da. Cesar Arrondok Euskal Herriko ikur nagusiari buruz hitz batzuk egingo ditu eta ondoren taldeko kideek beraiek prestatutako afariari ekingo diote.
Alkartasuna Taldea duela bost urte sortu zen Iparraldeko Euskal Etxearen baitan. "Euskal kulturarekiko interesa, bere historia eta janari onarekiko zaletasuna" partekatzen duten euskal etxeko bazkide eta lagun talde batek osatua, Euskal Herriko mugarri historikoak eta aberri datak oroitzea du helburu.
Garaiz zaude izena emateko
Larunbatekoan, euskal ikurraren jatorria, debekuen historia, 'Ikurren Legea' Hegoaldean eta ikurrinaren historia Argentinan izango dituzte hizpide. Era berean, bertaratutakoek gaiari buruzko informazio-paper bat jasoko dute. Gau aberasgarria pasatzera gonbidatzen zaituztegu kultura zein gizarte alderdiei dagokienez —horixe da behintzat gure asmoa, dioskute— eta gure janari tradizionalaz gozatzera”, iragarri dio EuskalKultura.eus-i Alkartasuna Taldeko erreferente Carlos Martínezek.
Afariko menuko osagai, pintxoak eta dilistak bizkaitar erara zerbitzatuko dituzte, eta gastuak besterik ez dira kobratuko. Parte hartzeko, aldez aldetik abisatu eta erreserba egitea eskatzen dute 11-31834071 edo 0221-5767814 telefonoetara deituz, osteguna, uztailaren 13a, baino lehen.