Jose C. Paz, Argentina. Buenos Aires probintziako Jose C. Pazeko Euskal Etxeak urteko bere jai nagusia ospatu zuen ekainaren 10ean. Urteurren festan ohiko programa jarraitu zuten antolatzaileek: gonbidatuei ongi etorria emateko ‘Aurreskua’ dantzatu zuten ‘Gure Talde Alaia’ taldeko bi kidek. Eta ondotik ohiko paella erraldoiaz gozatu ahal izan zuten Euskal Etxeko egoitzan bildutako lagunek.
Baina ohiko programarekin batera proposamen berriak ere eskaini zituen Euskal Etxeko gazteek. Batetik, Gure Esku Dago herri dinamika zer den eta zertan datzan dinamikak egun horretan bertan Euskadin deitutako Giza Katea azaldu zuten gazteek. Bestalde, nobedade bitxi bat, festarako propio gonbidatu baitzituzten antolatzaileek antzezpen edo birsortze historikoa egiten duen talde bat, hain zuzen ere ‘Bizkaitarren 2. Erregimentu’ko bost soldadu, euren jantzi tipikoak soinean, 1806. urtean Ingelesen Inbasio garaian Buenos Aires hiria nola defendatu zuten esplika zezaten.
Afariaren baitan 2018-2019 eperako alkatea hautatu zuten etxekoek. Martin Sanchezek jaso du aurten ohorea. Arratsaldeko musika ikuskizuna, Daniel Galfredo artistaren esku egon zen. Brindisa eta urtebetetze tarta ere egin zituzten lagun euskal-josecepaztarrek.