euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bryan Osoro, Utah-ko euskalduna: "Ikurrina aitak eman zidan, Everesteko igoeran nirekin eraman nezan"

2016/05/26

Bryan Osoro Everesteko gailurrera iritsi ondoren, bere aitak egin eta emandako ikurriñarekin (argazkia BO)
Bryan Osoro Everesteko gailurrera iritsi ondoren, bere aitak egin eta emandako ikurriñarekin (argazkia BO)

PUBLIZITATEA

Diasporako euskaldun batek, Bryan Osorok, Utah-ko Euskal Etxeko kideak, Everest mendia igo zuen joan den igandean. Gailurra egitearekin, gainera, bost kontinenteetako zazpi gailurrrik altuenak igotzeko proiektua bete zuen. Satelite telefonoz mintzatu gara berarekin.

Joseba Etxarri. Txikia zenetik izan da Bryan Osoro Utah Basque Club-eko partaide. Lau urte zituela dauzka bertako lehenengo oroitzapenak eta klubeko dantzari ere izan zen Salt Lake Cityn jaiotako bizkaitar jatorriko euskal-amerikar hau, Ispaster eta Ajangiz-eko emigranteen ondorengo. Harrituko lirateke bere birraitxitxe-emumak zertan dabilen ikusiko balute, Everest igotzearekin, munduko gailur altuenetako zazpi igo baititu azken zortzi urteetan. Horri buruz galdetuta, diosku argi daukala honelako erronkei eustea ego-arekin lotua dagoen zerbait dela "nahiz eta horrek ez duen derrigorrez zerbait txarra izan behar", ego-a, "kontrolatu ezkero, oso gauza baliosen akuilu eta sustatzaile izan baitaiteke". Bere kasuan, Everesten tontorrera eraman duen proiektu honetan lagun on izan duela pentsatuko dugu, bide horretan aurretik egin dituela Aconcagua, Denali, Kilimanjaro, Elbrus, Vinson eta Kosciuszko.

Zorionak, kontauiguzu nolakoa izan den, zer sentitu zenuen...

-Hitzik ez dago. Urte asko izan dira Everest igotzeko ametsarekin. Gero eta gehiago irakurri, gero eta gehiago erakartzen ninduen. Ipar aldetik igo nahi nuen , gainera, George Mallory-ren saiakerengatik eta egunotan gutxiago direlako hortik igotzen duten espedizioak. Ez naiz mendizale soil bat baino, zaletasun horri eutsi eta duela zortzi urte abentura honi ekin ziona, bere herrian Washington inguruko sumendi-jatorriko glaziarrak eta Utah-ko mendiak igo ondoren. Egiazki, talde-lana izan da, elkarren artekoa, lagun talde gotor bateko parte bainintzen. Zirraragarria izan da. Azkeneko zatian, hirugarren kanpamendutik abiatu ginen, 8.300 metrotara dago, eta eguraldi ederra lagun lau ordu eta 45 minututan iritsi ginen gailurrera. Gaua zen oraindik eta pixkanaka joan zen argitzen. Jaitsieran gozatu ahal izan genuen bistekin. Pentsa zenezakeen bezain liluragarriak ziren.

Everesteko gailurra izan da, baina baita proiektu anbiziotsu bateko zazpigarren tontorra ere..

-Kontinente bakoitzeko zazpi gailurrik altuenetara iristeko bilaketaren azkeneko atala. Zortzi urteko arrakasta eta porroten ondorengo izan da, irmotasun eta hazkuntza denbora; eta autoneurketa pertsonala, fisikoa zein psikikoa oso arlo eta modu desberdinetan; ikasketa eta oreka anbizioaren eta arrazoizko arrisku hartzeen artean. Ekin nionean, pentsatu nuen batez ere erronka zail bati eusteko neukan gaitasun eta egoera fisikoari zegokiola, baina berehala konturatzen joan nintzen erronka, batez ere, mentala zela; jakina, zenbat eta egoera fisiko hobean egon hobe zela, baina proba, finean, aurretik pentsatu gabeko gauzetan eman da: bakardadeari aurre egitea, ondoezari gaina hartzea, pertsonen arteko arazoak lantzeko gauza izatea edota nire ahuldade eta segurantzia faltei aurre egitea. Nire burua ber-ezagutzeko eta garatzeko aukera handi bat izan da.

Utah-ko Euskal Etxeko lagunzak zale eta jarraitzaile dituzu eta berehala poztu eta partekatu zuten gailurraren berri.

-Familia handi bat gara. Oroimena dudanetik izan naiz klubeko partaide, txikitan dantzari eta geroztik ere hamabost urtetik gora eman ditut klubak antolatutako ekitaldietan sukalde-laguntzaile lanetan, publikoari begira geure moduak erakusteko eta gainerako jardueretarako dirua ateratzeko zenbait agerpen gastronomiko egiten baititugu urtean zehar, kanpora baina baita barrura begira ere. Aita ere Diasporan jaiotakoa daukat eta atxikia da oso, eusten diegu Euskal Herriarekiko loturei eta gutxi gora behera hiru urtean behin hango familiari bisita egitera goaz. Berez Ispaster eta Ojangizekoa da gure familia, baina gaur egun Gernika eta Lekeition bizi dira.

Zergatik ikurrinarekin joan eta gailurrera iritsita ateratzearena? Norbaiti eskaini diozu zure balentria?

-Ikurriña aitak egin eta eman zidan abiatu aurretik. Euskal komunitateko partaide naiz eta niretzat hori betidanik izan da gauza garrantzitsua. Euskal kulturak nire bizitzako parte inportantea izaten segitzea nahi dut. Bestalde, nire igoerak beti dedikatzen dizkiet nire emazteari, famliari eta gure euskal familia handiari. Nire jendea dira, laguntzen eta sostengatzen nautenak eta naizen bezalakoa egin nautenak.



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia