Iragan abenduaren 12an Olentzero Badator izeneko festa handia antolatu zuen Bruselako Euskal Etxeak, euskal mitologiako ikazkinari ongi etorria eman eta Gabonen hasiera ospatzeko. Ekitaldi hau egiten duten laugarren urtea da eta giro bikaina izan zuten; lagun asko animatu baitziren Bruselako kaleetara atera eta gabon-kantak abestera. Ondoren, afaria egin zuten eta dantza eta janari artean hasi zituzten Eguberriak.
Brusela, Belgika. Bruselako euskal etxea urtero legez kaleetara atera zen Olentzerori ongi etorria kantuz ematera, nahiz eta aurten, Pariseko atentatuen osteko egoera dela eta, bazkide batzuk batzuk ekitaldia burutzeko zalantza handiak izan zituzten. "Azaroaren 13aren ostean egoera oso berezia zen Bruselan, segurtasun arazoengatik. Goizetan lanerako trena hartu eta lehen 50 lagun zueden geltokian, orain 3 baino ez ziren egoten", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko Ana Etxaburu mutrikuarrak. "Batzuk ez zirela aterako esan ziguten, baina azkenean 30 bat lagun bildu ginen eta dena oso ondo joan zen".
Elkarteko Txalaparta koruarekin batera, gabon-kantak abesten aritu ziren Bruselako kaleetan, eta ondoren elkartera bildu ziren afari goxoaz gozatzeko. "Menua beti berdina izaten da: baratxuri zopa eta txorizoa", esan du Etxaburuk. Janaria sabela berotuta, lagunarteko giro bikainaz gozatu zuten elkarteko lagunek. Ekitaldia urteko azkena izan zen Bruselako Euskal Etxean, Eguberrietan kide asko etxera itzuli baitira.
Orain, 2016 urteari begira, elkartea egitasmo berriak antolatzen ari da. Urtarrilean mus ikastaroak eta ondoren txapelketa bat egingo dute, eta euskal zine emanaldiak antolatzen ari dira Bruselako zinema batean, elkarteko jarduerak eta euskal kultura hirikideei helarazteko asmoarekin.
[Argazki galeria osoa ikusi nahi izanez gero, jo Bruselako Euskal Etxearen Facebook orrira]