Brusela, Belgika. Arrakastatsu estrenatu zen Bruselako Euskal Etxea Sagardotegi lanetan eta elkarteak egin zuen aurreneko Sagardotegi Gauak jendetza bildu zuen. "Sagardotegi gaua oso ondo joan zen, espero baino mila aldiz hobeto!!! 90 bat pertsonek eman zuten izena, nahiz eta printzipioz 60rentzat bakarrik izan tokia (eta sagardoa!)", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko Ana Etxaburuk. "Azkenean mundu guztia onartu genuen, jende berri asko etorri zen, gazteak batez ere. Eta ez euskaldunak bakarrik".
Menua sagardotegiko janari tipikoa izan zen: bakailau tortila, txuleta, gazta, membriloa eta intxaurrak. Giro ederra izan zen eta afalostean kantuan aritu ziren festara bildu zirenak.
Lan molde berriak
Sagardotegi gauan bildutako jendetza aprobetatuz, elkarteak bilera informal bat egin zuen. Afalostean euskal etxearen aurkezpen bat zen: ekintzak, eskolak, irakasleak, zuzendaritza batzordeko kideak, eta abar. Elkarteko zuzendaritza kideek lan egiteko molde berriak erabiltzea proposatu zuten.
"Gure lan egiteko modu berriaren oinarrietako bat 'ekintza talde' bat osatzea da. Oraingoz zuzendaritza taldekook hartzen genuen ekintzak antolatzeko ardura. Orain, gure asmoa da jende berria sartzea taldean", azaldu du Ana Etxaburuk. "Jende horrek ez du bakarrik festetan, muntaketan edo afaria egiten lagundu behar. Euren proposamenekin etor daitezke eta guk tokia emango diegu euskal etxean proposamen horiek ekintza bihurtu daitezen. Afari bukaeran izan genituen izen emate batzuk. Aldaketen artean, ni naiz euskal etxeko koordinatzaile berria eta Itsaso Muro izango da 'ekintza taldea'-ren koordinatzailea".
Mundu Batzarrean Gasteizen
Bestalde, Bruselako Euskal Etxeak Mundu Batzarrean izan zuen partehartzearen balioespena egin du. Bertan izan ziren Josu Agirre eta Ana Etxaburu bazkideak. "Gure ustez nahiko ondo joan da, batez ere era informalean izan ditugun kontaktuetan. Bileraren formatoak ez du funtzionatu eta jorratutako gaiak ez zaizkigu beti interesgarriak iruditu. Baina Europako beste euskal etxeekin eginiko lana --Batzarretik at-- erabat aberasgarria izan da. Oraindik ere lanean jarraitzen dugu gure aldetik proiektu komunak antolatzeko. Pena bat da Batzarrak horrelako lan-espaziorik ez eskeini izana", agertu du Etxaburuk.
Bruselako Euskal Etxearen Facebook orria, hemen.
Bruselako Euskal Etxearekin harremenetan jartzeko e-mail berria: bruselakoeuskaletxea@gmail.com.