euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bruselako Euskal Etxearen eta hiriko koru baten harremanak euskal musika kontzertu interesgarri bat ekarri du

2022/05/21

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. 'Lurreko gauzak' du izena euskal musika garaikidea oinarri Bruselako Euskal Etxeak eta hiriko 'Lassene Vocale' abesbatzak gaur iluntzerako hiriburu europarrean proposatu duten kontzertuak. Kontzertu interesgarria eta oraingoz bakarra izango da, eta euskal musika eta kultura maite dutenekin batera musikazale eta melomanoak oro deitu ditu. Bruselako Euskal Etxearen eta abesbatzaren arteko proiektu partekatua da, bi erakundeen lankidetzari esker gauzatu ahal izan da.

Emanaldiak euskal kantuen moldaketa garaikideak eskainiko ditu, elizakoak eta ez. Lehenengo partea sakroa izango da gehienbat [ikus beherago programa] eta bigarrenak euskal kantu herrikoiak bilduko ditu, euskal musikagileek moldatuak. Tartean, Euskal Herritik kanpoko musikagileek moldatutakoren bat ere, hala nola "koruko parte den Toby Wardman konpositore ingelesak moldatutako 'Txoriak' eta 'Loa Loa Txuntxurun Berde' sehaska kanta, Ezra Permana Trisna indonesiarra moldatzaile", azaldu dio EuskalKultura.eus-i 'Lassene Vocale'ko zuzendari Ivan Yohanek. [Gogora dezagun 'Txoriak' abesti-ziklo bat dela, 'Xiruliruli', 'Txoria Txori' eta 'Basatxoritxu' abestiek osatua]

Elkarren onuragarri den proposamena

Kontzertua emaitza ederra da antolatzaile diren bi alderdientzat. Abesbatzako zuzendariak behin baino gehiagotan bisitatu zuen Euskal Herria Tolosako Abesbatzen Lehiaketa ospetsuan parte hartzeko, eta bidaia horietan ateratako zenbait argazkirekin parte hartu zuen Bruselako Euskal Etxeak pandemia aurretik antolatu zuen Argazki Lehiaketan. "Lehiaketa elkarteko kideetako bat ezagutu nuen, Olga Pérez. Olga gure zenbait kontzertuetara etorri zen eta bera izan zen koruak Bruselan euskal konposizioak interpretatzeko ideia jaurti zuena. Berehala esan nion baietz, biziki maite baitut Euskal Herriko musika korala", azaldu dio Yohanek EuskalKultura.eus-i.

Lankidetza mota honi dagokionez, baliteke proposamen interesgarria izatea abesbatzarik ez duten euskal etxe gehiagorentzat, izan ere, euskal koru musika egun munduko lehen lerroan kokatzen baita, Tolosako Nazioarteko Lehiaketa ikur duela. Izan ere Europako hitzordu garrantzitsuenetako bat baita urtero Tolosako topaketa, partaideak eta oihartzuna mundu osoan bildurik. 2022ko edizioa 53.a izango du.

Bruselako kontzertua gaur larunbata, maiatzaren 21ean izango da 20:00etan Eglice St Alice elizan (Av. Dailly 134, 1030 Scharbeek). Sarrera zortzi euro, BEEko bazkide eta ikasleek, bost. sarrerak bertan erosi ahal izango dira.

Egitaraua / Programa / Programme / Prograam (egilea eta obra)

David Azurza - Ave Virgo Sanctissima
Javier Busto - Ave Maria
Javier Busto - Ave veru
Javier Busto - O quam suavis est
Xabier Sarasola - O sacrum convivium
Xabier Sarasola - Lurreko Gauzak
Josu Elberdin - Cantate Domino 

Atsedena

Xabier Sarasola - Alboradas de boda
Mold. Toby Wardman - Txoriak
Mold. Ezra Permana Trisna - Loa Loa Txuntxurrun Berde
Josu Elberdin - Segalariak
Javier Busto - Ametsetan
Xabier Sarasola - Neguan orbela
Aita Donostia - Iru Txito



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia