euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bruselako Euskal Etxeak Sagardotegi Gau bat antolatu bere egoitza berria estreinatzeko, otsailaren 15ean... eta gehiago

2025/02/07

Urteko lehen Sagardotegi Gaua Bruselan, otsailaren 15ean
Urteko lehen Sagardotegi Gaua Bruselan, otsailaren 15ean

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Urte berria, etxe berria Belgikako hiriburuko euskal gizataldearentzat. Izan ere datorren asteko larunbateko Sagardotegi Gaua izango da inauguratu berri duten egoitzan egingo duten lehenengo ekitaldia. Aurreneko hitzordu honetan euskal menu tipikoa eskainiko dute antolatzaileek, oraingoan taloak, txistorra eta sagardoa kupeletik. “Txotxa” iluntzeko 7etan izango da, Bruselas Handiko Saint Gilles hiriko Rue Émile Féron kaleko 153. zenbakian.

Honekin batera, betiko egitarauari eutsiko dio Bruselako Euskal Etxeak eta topaketa gastronomikoez gain, euskara eskolak, abesbatzaren entseguak eta emanaldiak, eta Mus Txapelketetan parte hartzeko aukera ere eskainiko die bere kideei. Aldi berean, ‘Bruselako Gazteak’ Instagram taldeak deiturik, Euskal Afterwork-ak antolatzen dituzte hilabeteko lehen ostegunean, eta nola ez, Euskal Herriko jaiekin bat egingo dute urtean zehar.

Euskal literatura sustatzen

Bruselan irakurketa eta euskal literaturarekiko amodioa sustatu eta bizirik mantentzeko edo akaso irakurle komunitate bat osatzeko, euskarazko liburuak Bruselan non lor daitezkeen ere iragartzen dute Euskal Etxeko lagunek. Librebook liburudendan salgai topa daitezke euskaraz idatzitako eleberriak eta baita euskarara itzulitakoak ere; eta euskal literaturazaleak nahi duena ez badute, prest daude manatu eta ekartzeko. Librebook liburudenda Chaussée de Wavre kaleko 128. zenbakian dago, Ixelles-en.

'Iaiaiai' irrintzi taldearen bisita

Gogora dezagun, bestalde, Euskal Herritik etorrita urtarrilaren 25ean eskaini zuela Aiaraldeko 'Iaiaiai' irrintzi taldeak bere performance-a Bruselako Manchester Space-n. Ikuskizunean, bertako Youyou taldearekin batera aritu ziren. “Esperientzia ederra izan zen, izan ere. Youyou taldearekin hainbat puntu komun ditugu, gure lanen artean, baina era berean bikaina da baita ere talde bakoitzaren ezaugarri bereziak sentitzea!”, adierazi dute taldekideek sare sozialetan.


'Iaiaiai' irrintzi taldeko kideak Youyou taldekoekin, Bruselan

Youyou group-ek 'youyou' izeneko Afrika eta Ekialde Hurbileko ahots-teknikaren inguruko praktika artistikoa garatzen du. 'Youyou' edo ‘Zaghareed’, trino zorrotz, luze eta modulatua da, emozioz betea. Taldea 2014an sortu zen, eta orain adin eta jatorri ezberdinetako 30 emakumek osatzen du.

Bruselako Euskal Etxea Instagram-en, bruselakoeuskaletxea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia